Pirinio Atlantikoen prefeta Julien Charlesek adierazi du ““bateragarriak direla” segurtasunaren erronkak eta pasabideak berrirekitzea. Halaber, Poliziaren kontrolek “jarraituko dutela” argitu du.
Naiz hedabideak jaso duenez, Pirinio Atlantikoen prefeta Julien Charlesek baieztatu du urriaren 30etik aurrera zabalduko dituztela Avenida zubia, Aldudetako pasabidea eta Larrain eta Izpegiko lepoak. 2021ko urtarriletik daramate itxita pasabide horiek, eta Charlesek adierazi du segurtasunaren erronkak eta pasabide horien berrirekitzea bateragarriak direla: “Poliziaren kontrolek jarraituko dute”.
Baionako hedabideetako ordezkariekin eginiko bileran iragarri du irekiera. Erabakia inguruko herrietan bizi diren lagunentzat “albiste lasaigarria” dela adierazi du, askotan “joan-etorri luzeak” egin behar baitzituzten “beste bide batzuetatik”. Hala ere, kontrol dispositiboen jarraipena baieztatu du: “Migratzaileentzat egoera ez da aldatuko”.
Bestalde, mugaren inguruan “kontrolak zorroztu” dituztela azpimarratu du, Palestina eta Israelen arteko gatazka dela eta. Hala ere, adierazi du “testuinguru berezia” izanik ere, “lau pasabideen irekitzea “ez dagoela kolokan”.