Jaurlaritzak aurkezturiko azken aurrekontu proiektua erretiratu du eta EH Bildu alderdiari egotzi dio aurrekontuen luzapenaren errua. Negoziaketak iraun duen denboran, koalizio abertzaleak helarazitako hiru proposamen baztertu ditu Iñigo Urkulluren gobernuak.
2019rako aurrekontuak adosteko asteazken arteko epea eman zion Jaurlaritzak EH Bildu koalizioari. Akordiorik gauzatu ezinik, bere azken proposamena ostegun goizean erretiratu zuen Jaurlaritzak. Gutxiengo pentsioen osagarritasuna izan da akordioa bideraezina egin duen punturik garrantzitsuenetako bat.
Iñigo Urkullu lehendakariak, negoziatu beharrean “itxurakerietan” ibiltzea leporatu dio EH Bilduri, “fede oneko pentsiodunen itxaropenekin jokatu dute jakinda ez dutela gai hori negoziatu, ez baita gure eskumena”.
EH Bilduren proposamenetako bat, pentsio baxuenen igoera Diru-sarreren Berme-Errentaren arabera aplikatzea zen. Euskadi Buru Batzarreko Andoni Ortuzar presidenteak adierazi duenez, “ezinezkoa” da proposamen hori onartzea, 20 milioi gehiagoko kostua eragingo lukeelako aurrekontuetan.
Maddalen Iriarte penatuta azaldu da Jaurlaritzaren erabakiarekin eta ekonomikoki “bideragarria” den proposamena dela azpimarratu du, “20 milioi, guztira 11.800 milioi dituen aurrekontuetatik, baina Jaurlaritzaren erantzuna ezezkoa izan da”. Neurri horren bidez, 2019. urterako gutxiengo pentsioak 858 eurora igotzeko nahia izan du koalizio abertzaleak.
Arnaldo Otegiren iritziz, EAJk “bertigoa” sentitu du aurrekontuen negoziaketan eta azkenean patronalak nahi duenari men egin diote. Gobernu “ahul” baten aurrean daudela eta dirurik ez dagoela esanez jendeari gezurra esan diotela ere gaineratu du Otegik.
Azkenik, Ogasun eta Ekonomia sailburu den Pedro Azpiazuk “lasaitasun” mezua zabaldu nahi izan du, “Eusko Jaurlaritzak beharrezko mekanismoak ditu EAEko herritarren ongizatea eta garapen ekonomikoa bermatzen jarraitzeko”.