Txinako Hubei probintziako Wuhan hiriburutik zabaldutako pneumonia berriak ostegun goiza arte (otsailak 6) 565 pertsona hil ditu, horietatik 563 Txinan bertan eta kutsatuen kopurua 28.344-taraino iritsi da. Epidemietan adituak, hala ere, kezkatuta daude, panorama osoaren zati txiki bat bakarrik izan daitekeelako pneumonia epidemia honetaz orain arte dakiguna.
Bi hilabete pasa direnean 2019-nCoV koronabirusak gaixotutako pertsonen lehenbiziko albisteak zabaltzen hasi zirenetik Txinako Wuhan hiritik, ez osasun agintariek eta ez epidemiotan aditutako jendeak ez dauka aski garbi arazoaren larritasunaren argazkia. Panikoak eraginda gehiegizko erreakzioak ote dira mundu osoan hartzen ari diren isolamendu eta kontrol neurriak? Ala, alderantziz, orain arte ikusi duguna gerrako kea baizik ez da eta gogorrena oraindik azaltzeke dago, zenbait aditu esaten ari den gisan?
Txinako agintariak, aitorturik ere baliabidez urri dabiltzala gainera etorri zaien arazoari behar bezala aurre egiteko, kexu dira mundua sobreaktuatzen ari delako. Pekinek Britainia Handian duen enbaxadoreak ohartarazi du batzuk ari direla zurrumurruak eta panikoa zabaltzen: "Mundu osoko gobernuek lagundu beharko liokete Txinari bere ahaleginean eta gehiegizko erreakzioak eta panikoa hedatzea saihestu; herrialdeen arteko elkarlan eta harremanek normal jarraitzen lagundu beharko lukete. Zenbait hedabideren informazioak okerrak dira eta desinformazioa ari dira egiten. Zurrumurruak eta panikoa kaltegarriagoak dira birusa bera baino".
Dagoeneko Txinako ekonomiak nozitu du jarduera ekonomikoan kalte handia, herrialdean bertan larrialdiaren kudeaketak –hiri handi batzuk erabat paralizatu dituzten berrogeialdiak barne– sortu duen astinduaz gain epidemiak nazioartean sortu dituen erreakzioen ondorioz. Adibide txiki bat jartzearren, Bartzelonan laster egin behar duten Mobile nazioarteko azoka txit garrantzitsuan zenbait enpresa gotor hasiak dira azalduko ez direla iragartzen, nahiz eta Txinako gehienek Bartzelonan egongo direla segurtatu. Horrelako adibideak zientoka dira dagoenekoz, hegaldien etenalditik hasita zenbait gobernuk bere herritarrak Txinatik ateratzeko hartuko neurrietaraino.
Berrogeialdian isolatutako jendeek, Txinatik ebakuatzen ari dituztenek eta abarrek zabaldutako mezu eta irudiez gainezka daude sare sozialak:
Inside a US evacuation flight from #Wuhan: hazmat suits, Ghostbusters masks, megaphones, forms & a heads up for Americans it’ll ‘get really weird’ when they land. Final US airlifts tonight as #coronavirus cases rise to 28k+ in #China; 563 have died. @NBCNews (video Jacob Wilson) pic.twitter.com/CJZ5i6ALQg
— Janis Mackey Frayer (@janisfrayer) February 6, 2020
Hasierako galderara itzulita, paranoian erori ote da mundua? Erantzun errazik ez da. Alde batetik, orain arteko datuek erakusten dute 2019-nCoV koronabirusaren kutsatze eta hilkortasun mailak ez direla handiegiak, alderatuz gero aurretik ikusi diren beste izurrite batzuekin. Alabaina, osasun publikoan aditu diren batzuk ohartarazten ari dira Wuhango pneumoniaz gaur dagoen informazioak eta zalapartak ez duela erakusten argazkia bere osotasunean.
The Guardianek gaur plazaratu duenez, orain arte detektatu gabeko koronabirus kasuek gaina hartu diezaiekete pneumonia kontrolatzeko hesiei: "Sintoma ez larriak ez kontutan hartzea eta gaixotasunaren kutsatze ahalmen handia, biak elkartuta iradokitzen digute orain arteko datuak ez direla 'icebergaren muturra' baino". Gaixo ezkutuak deitzen zaie sintoma ez larriak edukitzeagatik medikuarengana jo eta errejistratu barik gelditzen direnei.
Tom Frieden AEBetako Gaixotasunen Kontrol eta Prebentziorako Zentroko buru ohiak esan du: "Gaixotasuna hesitzea nekez lortuko dela ikusten da gero eta garbiago", argudiatuz zein zabalduta dagoen dagoeneko Txinako gero eta probintzia gehiagotan. "Ikusten ari garena gerrako lainoa [informazio zehatzik ez edukitzeak gerran sortzen duen nahasmendua] da eta nire susmoa da icebergaren muturra baizik ez dugula ikusi".
Beste zenbait adituk, ikusita uneotan ezagutzen diren datuek adierazten dutela dagoeneko duela bi aste zegoen errealitatea (denbora hori egiten du inkubatzen birusak gizakiarengan), aipatzen dute informazio faltaren balizko beste ondorio paradoxiko bat. Desfase hori zuzenduz gero, mapak erakutsiko luke alde batetik, kutsatu kopuru askoz handiagoa (adibidez, gaur aipatzen ditugun 28.000 kutsatuak benetan 70.000 edo 80.000 lirateke, eta bestetik, orain arte gertatutako hildako kopurua erkatuz kutsatu horiekin aterako litzateke 2019-nCoV koronabirusa txikiagoa litzatekeela gaur aipatzen den %2a baino. Eta hona egoeraren paradoxa, hori hala balitz: gerta liteke Wuhango pneumoniaren birusa berez aurreko beste asko baino hilkortasun tasa txikiagokoa duena izatea, baina aldi berean, hauek baino askoz kutsakorragoa izan eta munduan gehiago zabaltzea. Azkenean, biktima kopurua asko igoko litzateke.
Bitartean, mundu osoko osasun agintariak eta laborategi pribatu handienak 2019-nCoV birusaren kontrako txertoa eskuratzeko lasterketan sartuta daude. Sky News kateari Munduko Osasun Erakundearen aholkuemaile berezi izandako David Harperrek esan dio asteak pasako direla animaliekin lehen saiakerak egin arte eta hilabeteak gizakietan probatu arte.