"2018: Utopia bat espazioan". Etorkizunari begira ospatuko du Hala Bedik 35. urteurrena

  • Ia 35 urte pasa dira Hala Bedi irrati libreak uhinetara salto egin zuen abuztuko egun hartatik. 1983an jaio zen helburu argi batekin: ahotsik ez zutenei ahotsa ematea. Asko aldatu da dena denbora honetan zehar, eta garai berrietara etengabe moldatu den proiektu komunikatibo erreferentziala da gaur egun Hala Bedi, irrati libre bat baino askoz gehiago.

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko otsailaren 07an - 15:05

Utopia txiki bat Arabako herri mugimenduarekin konpartitutako espazio anitz eta zabalean. Eta utopia hori posible izaten jarraitzeko, 2018. urtean 999 halabelarri lortzeko deia luzatu dute.

Irrati libre bat baino askoz gehiago

Herri mugimenduekin elkarlanean eta herri mugimenduaren tresna izanik, irrati libre, alternatibo eta komunitario bat baino askoz gehiago bihurtu da Hala Bedi. Kolektiboa bera espazio libre bat da, gero eta anitzagoa, aberatsagoa, aberasgarriagoa… irrati zein proiektu komunikatibotik haratago doan etxea bihurtu da Hala Bedi urteen poderioz. Gaur egun, borondatez aritzen diren 150 pertsona inguruk osatzen dute. Gainera, pasa den ikasturtean, datozen hilabeteotan itxiko duen hausnarketa prozesua martxan jarri zuen kolektiboak. Antzeko azken prozesua 2000. urtean burutu zen Barrian.

Oraingoan, azken hamarkadetako eraldaketei erantzutea, kolektiboa berrantolatzea eta proiektuaren zutabeak berdefinitzea izango dira helburu nagusiak, bloke ezberdinetan banatutako eztabaida prozesuan: Hala Bedi Bat, Hala Bedi Bi, multimedia, antolakuntza eta prozesu feminista. Azken honen erronka, feminismoa ardatz hartuta, Hala Bediren praktika komunikatiboak berrikusteaz gain, kolektibo beraren eraldaketa sakona gauzatzea izango da.

Horretaz gain, azken urteotan multimedia komunikazioaren eta teknologia berrien aldeko apustuarekin, Euskal Herriko hedabideen artean erreferentea izatea lortu du Hala Bedik, neurri batean: FM bidezko irratiko eguneroko milaka entzuleetaz gain, webgunean, Hala Bideoetan eta sare sozialetan lortutako hedapenari esker, egunero 10.000 pertsona baino gehiagorengana iristea lortu du. Beraz, Arabak behar-beharrezkoa duen herri komunikabide integrala bihurtuz doa Hala Bedi, herritarren bozgorailu gisa.

Laburbilduz, hauek dira Hala Bediren hedapen digitalari dagokionez batez besteko datu esanguratsuenak, 2016ko irailetik hamarkoiztu delarik:

  • Hilabetero: 100.000 bisita eta 20.000 erabiltzaile webgunean.
  • Egunero: 3.000 bisita eta 1.000 erabiltzaile baino gehiago webgunean.
  • Sare sozialak: 11.000 jarraitzaile baino gehiago Facebook eta Twitter-en. 1.800 Instagram-en.
  • Bideoak: 1.000 ikustaldi lortzen ditu gutxienez Hala Bideo bakoitzak, YouTube eta Facebooken.

Etorkizuna ospatzeko urtea

2018. urtean 35 urte beteko ditugu, eta urteurrena ospatzeko, iragana oroitu beharrean, inoiz baino indartsuago eta anitzago nahi dugu Hala Bedi, orain arte egindako bidean sakonduz. Etorkizunari begira. Herri mugimenduekin harremana sendotzen jarraitzea, 999 halabelarri lortzea eta proiektu komunikatiboa indartzea izango dira urtemuga borobil eta berezi honetako helburu nagusiak.

Eguneroko lanarekin Hala Bediren historia goraipatzen dugun bitartean, egutegian gorriz markatu beharreko hitzorduak ere izango dira 2018an, horietako asko beste eragileekin elkarlanean:

  • Apirilean | Gasteizko Gaztetxearen urtemugan parte hartuko du Hala Bedik, apirilaren 9tik 15era antolatuko den ‘Autogestioaren Astean’, okupazioa eta autogestioa lantzen duten beste eragileekin elkarlanean: Errekaleor Bizirik, SUmendi, GES, Arkillos, Auzolana Pilotalekua…
  • Maiatzean | Gala Bedi & Hala Bedi Sariak. Halabelarriekin zein herri mugimenduekin elkartzeko eta eskerrak emateko, jai giroan ospatuko dugu Hala Bedi Sarien banaketa, urteroko Hala Bediren ekitaldi publikoa izatea nahi dugun gala honetan.
  • Maiatzean | Hala Bedi Rock. Musika izango da protagonista urtero bezala Gasteizko Gaztetxean antolatutako jaialdian. Bertan, Gasteizko eta Arabako 6 musika talde eta bakarlarik parte hartuko dute. Talde beterano zein berriak ezagutzeko aukera bikaina. Urtean zehar, Gasteizko Gaztetxearekin elkarlanean antolatutako Muinoko Hotsak kontzertuek ere jarraituko dute muinoko etxean.
  • Ekainean | Hala Bedi Maratoia. Aurten ere, txosna jarriko du Hala Bedik Judimendi auzoko jaietan. Horretaz gain, egun osoko maratoia antolatuko du ekainaren 23an, Judimendiko Jaien egun handian. Bertan, irratsaio ezberdinek parte hartuko dute, eta egun osoan zehar halabelarri egiteko zein Hala Bediren materiala eskuratzeko postu bat ere egongo da.
  • Abuztuan | Gasteizko Jaiak. Abuztuaren 6an, lehen aldiz emititu zuen Hala Bedi irrati libreak 1983. urtean. Aurtengo jaietan, herri mugimenduarekin entxosnatzeaz gain, 35. urtemugaren ospakizun berezia egingo dugu: horretarako, Farolen Prozesioa egingo dugu. Uzten badigute, noski.
  • Urrian | OkupaTU Gasteiz Eguna. Aurten, urtemuga borobilak ospatzen ditugu Hala Bedik (35), Gasteizko Gaztetxeak (30), Auzolana Pilotalekuak (10) eta Errekaleor Bizirik-ek (5), eta duela 10 urte egin bezala Txorionak dinamikarekin edo Piztu Gasteiz mitikoarekin, elkarlanean ospatuko dugu. Urte osoan zehar egingo diren ekimenetaz gain, urriaren 6an izango da OkupaTU Gasteiz Eguna, urtemuga horiek guztiak ospatzeko egun handia.

999 halabelarri proiektua posible egiteko

Ehundaka pertsonen artean egiten dugu Hala Bedi astero, milaka gara entzule uhinetan edota jarraitzaile sareetan… Eta orain, denon ardura da irrati libre bat baino askoz gehiago den proiektu honen etorkizuna marraztea. Publizitatearekiko zein diru-laguntza publikoekiko menpekotasunik gabe, autogestioaren aldeko apustu garbia egiten dugu gaur egun ere. Handituz doan egitasmo komunikatibo libre hau posible egiten duena herritarren babesa da: HalaBelarriak dira, gure bazkideak, komunitate gisa sostengatu eta eraikitzen gaituztenak.

Apirilean, ‘Tortillari buelta ematera goaz’ lelopean, harreman bira bat eta bazkide kanpaina martxan jarri genituen, bi helburu nagusiekin: alde batetik, gure komunitatearekin, herri mugimendu zein elkarteekin, elkarlana sendotzea; bestalde, proiektu komunikatibo hau posible egiteko behar dugun babes ekonomikoa lortzea.

Emaitza eta esperientzia itzelak izan dira. Alde batetik, dozenaka kolektiboekin bildu gara, harreman iraunkorrak sortzeko eta etorkizuneko bidea elkarlanean ibiltzeko. Bestalde, 999 halabelarri izateko oraindik bide luzea falta zaigun arren, 666 halabelarrien langa historikoa gainditzea lortu dugu, behingoz.

Ez gaituzte isilaraziko

2017. urtean zehar, zailtasunak eta oztopoak ere izan ditugu bidean: abenduan, Eusko Jaurlaritzak Hala Bedi Irratia lizentziarik gabe utzi nahi zuela jakin genuen; otsailean, haize bolada batek Hala Bediren antena bota zuen Alde Zaharrean; maiatzean, Errekaleor auzoko argi mozketaren harira egindako lanagatik, Mozal Legea aplikatu zioten Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak Hala Bediko kazetari bati; gainera, azken hilabeteotan, mehatxu eta eraso faxista ezberdinak jasan behar izan ditugu, La Falangeren izenean.

Isilduko bagina erosoago sentituko lirateke batzuk, euren boterea eta zigorgabetasuna zalantzan ez jartzera ohituta daudelako. Baina oztopoak oztopo, gure lana egiten jarraituko dugu, orain arte egin dugun bezala eta etorkizunari begira eraikitzen ari garen proiektuaz harro.

Albiste hau Hala Bedik argitaratu du, eta CC-By-SL lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hala Bedi
2023-11-20 | ARGIA
Hala Bediren web orria martxan da berriz ere

Ikasturtearen hasieran zibereraso bat jasan eta hainbat astez webgunea berreskuratzeko lanetan jardun ondoren, bueltan da Hala Bedi irratiaren web orria. Dagoeneko hasi dira ohiko edukia argitaratzen: Arabako aktualitate albisteak, magazinen edukiak, irratsaioen podcastak,... [+]


2023-08-17 | Hala Bedi
Hala Bedi Irratiak 40 urte bete ditu

Hala Bedi Irratiak 40 urte bete dituela ospatu zuen abuztuaren 6an, lau hamarkada lehenago lehen irrati emisioa egin zuen egun berean.


2022-11-08 | Hala Bedi
2022/2023 ikasturteko parrilla aurkeztu du Hala Bedi Irratiak

Aurten, eguneroko Suelta la Olla, Hizpidea eta Arrosa sareak ekoitzitako Zebrabidea magazinez gain, 42 irratsaio propio izango dira entzungai Hala Bedi irratiaren uhinetan. Euskaraz 14 irratsaio egingo dira, 27 gaztelaniaz eta galizieraz bat.


Eguneraketa berriak daude