Youtuben argitaratzen diren euskarazko bideoak gordetzen ditu TBX.eus webguneak, modu automatikoan. Duela urte bete inguru argitaratu zen eta harrezkero euskarazko bideoak detektatzen eta biltegiratzen joan da. Horrela, 2017an Youtuben gehien ikusi diren euskarazko bideoetako batzuk zeintzuk izan dire jakin dezakegu. Hemen dituzue, ikuskatze gehien izan dituzten bideo horiek.
TBX (te-be-ixa) 2017an jaio zen. Euskaldunok Youtuben ikusten ditugun euskarazko bideoen sailkapen automatiko eta jarraitu bat da. CodeSyntax enpresaren I+G proiektu bat da, Gipuzkoako Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz garatua. Sarea automatikoki ikuskatu eta, zenbait tresna automatiko erabilita, Youtuben euskaraz argitaratzen diren bideoak detektatzen ditu, eta izan dituzten ikuskatzeak eta komentarioak neurtzen ditu. Urte beteko lan jarraitu horren ondorioz, azken hilabeteetan argitaratu diren bideoen artean ikuskatze gehien izan dituztenak ezagutu ditzakegu (tresna automatiko batek izan ditzakeen mugekin, eta jakinik bideoren batzuk geratuko zirela detektatu gabe*).
TBXren artxiboan ikus daitezke 2017ko bideorik ikusienetako batzuk. Espero zitekeen moduan, musika taldeen bideo ugari agertzen da zerrendan eta, horien artean, badira beste guztien gainetik geratu direnak, besteak beste, Gatibu eta Berri Txarrak.
Gatiburen "Aske maitte" bideoklipak 1.200.000 ikuskatze izan ditu ekainetik hona. Berori izango da ikuskatze gehien izan dituen 2017ko euskarazko bideotako bat, ikusiena ez bada.
Gizarte eta politika gaiek ere, nola ez, toki handia izan dute Youtube. Altsasuko gazteak, Katalunia, Gure Esku Dago,... 2017an gehien ikusi diren bideoen artean daude hauek ere, nahiz eta, kasu honetan ere, bideo asko musikalak izan. Adibidez hau.
Beste hainbat gai eta motatako bideoak ere aurkituko ditugu TBXak 2017an detektatu eta neurtu dituen bideo arrakastatsuenen artean. Bertsolari Txapelketa Nagusiak ere oihartzuna izan du, noski. Abenduan izanik, zaila izan du urte osoko bideorik ikusienen artean sartzea, baina hortxe dago, besteak beste, ondorengoa. Maialen? Bada, ez, Maddalen ;)
Aretxabaletako merkatarien kanpaina bikaina ere aipatu zen Sustatun bertan, eta garbi dago arrakastatsua izan dela, 2017ko bideorik ikusienen artean sartu baita (meritu handia, bideo hau ere urte bukaerakoa delako).
Eta nork ez zuen jaso Whatsapp bidez Azpeitian ihes eginda ibili zen ixkoaren bideoa?
Albiste hau Sustatuk argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta