Oxfam Intermónek “ezberdintasunaren aurka” egiteko eskatu die herrialde garatuenetako alderdi politikoei, aberatsen eta pobreen arteko alde horrek “gosearen aurkako borroka oztopatzen” duelako.
Urtero Davosen (Suitza) egiten den Munduko Foro Ekonomikoaren aurretik egin ditu adierazpenak GKE horrek, Naizek jaso duenez.
Ikerketa bat kaleratu du Oxfamek, datozen urteetako joera ekonomikoak islatzen dituena. Urtebete barru munduko biztanleriaren %1 aberatsenak diru gehiago izango du gainontzeko %99ak baino.
Egun, munduan bizi den bederatzi lagunetik batek ez du jateko aski elikagai, eta 1.000 milioi pertsona baino gehiago bizi dira egunean 1,25 dolar baino gutxiagorekin.
Espainiako Estatua, desberdintasunean nagusi
Desberdintasunik nabarmenena duen Europako bigarren herrialdea da Espainiako Estatua, Letoniaren atzetik.
Oxfamen ustez, “egungo politikek aberastasuna gutxi batzuen eskutan uzten dute”, eta Espainiako sistema fiskala arazo horri aurre egiteko “eraginkortasun gutxien duena da”.
Espainiako Oxfameko zuzendariak, Jose Maria Verak, politikariei eskatu die aberastasuna birbanatzeko “gizarte-zerbitzuetan eta politika publikoetan inbertituz”.