2016ko EAEko hauteskundeak: Susmoen errenkada bat

  • Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak datorren irailerako deitu ditu eusko legebiltzarrrerako hauteskundeak, eta somatzen da giroan nolabaiteko urduritasun orokor moduko bat, zer gertatuko den inork ez dakienean sortu ohi dena bezalakoa.


2016ko abuztuaren 17an - 12:04

Azken hau nik gogoan dudan legegintzaldirik grisenetarikoa izan da, ziurrenez gobernuan dagoen taldeak horixe bera izan baitu helburu (gristasuna nik horrela ulertzen dut piska bat: ez hau ez beste; hori ez, baina ezta beste hori ere, epeltasunarekin aldera litekeen kolorea edo kolore falta bezala). Aldiz Espainiar parlamenturako hauteskundeen (eta haien bisaren) ostean EAEko hauteskunde hauetan hau bai eta beste hori ere bai eskema zabalduko dutela iruditzen zait, azken urteotako EAJ-PSE-EE formula konplikatuz, batetik, eta eragile politikoek ordezkatu nahi dituzten subjektu politikoen artikulazio eta mobilizazio forma berriak eraginez bestetik.

Lehena ondorio aritmetikoa (eta ia-emana, jada) bada, bigarrena askoz operazio kualitatiboagoa izango da, gutasun eta kontragutasunen hedatze eta erakusketa ekarriko dituena (edo hobe: ekarri ditzakeena), testuliburuko abertzale/unionista eta ezker/eskuin ardatzak inarrosiz eta – nire ustez- transformatuz.

Bigarren fenomeno honi erreparatu nahiko nioke, ezkerreko abertzaletasunaren eta subiranotasun eraldatzailearen artean koka daitekeen espektro politiko horrentzat baikorra izateko faktore batzuk egon badaudela argudiatzeko.

Baikortasuna posibilitate edo aukera desiragarrien biderkatzearen eremu bezala ulertzen dut nik, ez onarpen akritiko edo baimen-emate geldo bezala, baizik eta jarduerara bultzatzen gaituen irudimen eta arrazoimenezko antolamendu gisan. Zentzu horretan inoiz Koldo Diaz eta Gorka Salces errotariekin argudiatu izan dut (baita aurrekoan Andoni Olariagarekin ere) pesimismoa determinismo modu bat dela, eta mugimendu askatzaile batek ezinbestean behar duela optimismo metodologikoa, oraindik emanak ez dauden baldintzak identifikatu eta berauek eman daitezen jarduteko.

Arbolako fruitua altuegi duenak erabaki dezake berau efektiboki urrunegi dagoela (eta hortaz interpretazio pesimistak determinatuko du aldez aurretik bere gosea) edo arbolako fruitua eskuragarri egingo lituzkeen baldintzak irudikatu ditzake (adibidez besoa baino luzeagoa den makila batekin kolpatzea edo jaurti daitekeen harri baten bila abiatzea erabakiz).  Bigarren kasuan ez dago bermatuta gosea ez den eszenatokia, baina behintzat aukerarako leiho bat irekitzen du, jarduerarako zerumuga bat zabaltzen.

Gehiegi gainjustifikatu gabe ere, hauek dira subiranotasun eraldatzailearentzat baikor izateko ikusten ditudan arrazoi batzuk:

  • Euskal Herria Bilduk oso emaitza onak lortu zituen hasieran, eta gero eta eskasagoak gero, ondoz ondoko hauteskunde  deialdietan. Koalizioaren muga elektoralak eta barne gabeziak (ikus adibidez azken deialdietarako hautagaien aukeraketa prozesuaren fiaskoak) agerian gelditu dira kanpora begira (batzuen lasaitasunerako) baina batez ere barrura begira. Honek, mingarria eta kezkagarria izateagatik, zoru bat ezartzen du, debeku/agindu bikoitz batekin datorrena: gauzak ez datoz emanak, eta ez da nahikoa arrazoia izatearen konbentzimenduarekin. Lan handia dago egiteko koalizioaren eta bere indarren baitan, euskal gizartearentzat esanguratsua izango den eragile soziopolitiko bezala egituratu eta lidergo eta zentraltasun politikoa erdiesteko. Hori enpirikoki (eta mingarriki) frogatu izana, nire ustez, berri ona da indar eraldatzaile batentzat.

     

  • Elkarrekin Podemos eragile politiko berria izango da hauteskunde hauetan. Pili Zabala lehendakarigai bezala aurkeztuta eta sektore ofizialaren babesarekin, EP-k Espainiako parlamenturako lortutako emaitza bikoitzak (oso txarrak, Espainian lehen indarra izatea lehenengo eta gobernua baldintzatzea gero bilatzen baitzuen, eta huts egin du nabarmenki; oso onak, Hego Euskal Herrian eta Catalunyan sekulako arrakasta izan baitzuten) euskal klabean irakurtzeko presioa du. Lortutako emaitza hauen eskizofreniak behartu egiten ditu autonomia mailako hauteskundeetan EHBren gainetik gelditu nahi izatera eta harekin proiektu politiko mailan lehiatzera EAJren statu quoari aurre egiten dion hein berean ( souffle-a erabat hustuko ez bada, behintzat). Izan ere Podemos (eta Unidos Podemos, eta Elkarrekin Podemos hauteskunde plataformak) operazio ilusionatzaile bat izan da beste ezeren gainetik (agian EHB ilegalizazio garaiaren ostean izan zen bezala), eta garesti ordainduko luke beste desilusio bat. EPren EAEko zerua asaltatzeko behar existentzialak “zentralitate” diskurtsiboa hartzera eramango du (ez ezkerra ez eskuma, ez unionista ez abertzalea…) baina arazo birekin: bata, tradizio politiko falta edo errotze soziologiko ahula, likidotasunaren baitan primeran (tira, azkenean ez hain ondo) mugitu den indar baten ezaugarria dena, eta EAEkoa bezain gizarte atrintxeratu eta “politizatu” batean kontra egin diezaiokeena. Bigarrena, Espainiar Podemosekiko menpekotasun politikoa, EH eta Espainiaren arteko desfase edo dekalage puntuetan lekuz kanpo harrapatu dezakeena, espainiar ezkerrari periferiekiko orain arte ikusi ez diogun artikulazio joko bikain eta miragarririk bideratu ezean.

     

  • Aurreko bi elementuak konbinatuta, uste dut EHB igoera momentu batetan dagoela, EP beheranzko joeran kokatuta ikusten dudan artean. Horren zeinu ikusten dut Jasone Agirre, Miren Larrion eta Maddalen Iriarteren perfilek sortu duten iritzi egoera, Podemosek Pili Zabalaren hautagaitzaren inguruan hartu duen jarrera defentsiboa (ikus Eduardo Maurari elkarrizketa duela gutxi Eldiario.es-en) baina batez ere ikusten dut EAE mailan ezkerreko subiranotasunaren formulazioak (ez hau edo bestea, baizik eta hau eta bestea) iraganeko lubaki subjektiboen egitura gainditzeko eta sujetu politiko eraldatzaile berriak sortzeko baldintza hobeak dituela klabe elektoralean cleavage-en indefinizioan mugitzen den (Pili Zabalaren “ez naiz feminista, pertsona naiz”) eta espainiar deskalabrotik datorren indar jada-ez-hain-ilusionagarri batek baino.

     

  • Amaitzeko, EAJren eta EPren proposamen politikoak  ezberdinak diren arren (bata ustez subiranistagoa, bestea ustez eraldatzaileagoa, baina biak indefinizioaren teknologien erabileran trebatuak, gristasunean indartsu ) hipotesi berean oinarritzen direla iruditzen zait: hautesleek ez dute gehiegi posizionatu nahi. Eroso egin behar zaie aukera, muturtu gabe aipatu cleavage-etan. Zentraltasunaren ulerkera honek baditu bere abantailak, baina baita bere iraungitze epea ere, batez ere hutsegindako estatu eta hutsegindako demokraziaren marko batetan kokatuta. Eta iruditzen zait azken hauteskundeen joan-etorriaren ostean zentraltasun gris hau gainditzeko baldintzak eman daitezkeela, eta klabe elektoralean EHB dagoela baldintza hauek baliatu eta emaitza ikusgarri batzuk lortzeko tenorean.

Post scriptum, edo: uste dut Otegiren ustezko “hautezgaitzea” (@protoeuskaldun-ekin batera twitterrian asmatutako palabroa hau ere) lehen ere aipatutako dekalage edo desfase soziopolitikoaren katalizatzaile gerta daitekeela hiru lurraldeetako zerrendaburuek euskal politikagintzaren etorkizuna irudikatzen duten bezala Arnaldo Otegiren hautagaitzaren aurkako pertsekuzioak oraindik hemen gurekin dugun iragana errepresentatzen baitu gordinki (ez hala Otegik, nire ustez, biak, iragana eta etorkizuna lotzen baitutu bere figuran). Eta dekalage horrek errejimenari modu batera edo bestera atxikitako indar politikoak hanka okerrarekin harrapa ditzake.

Ikusiko dugu.

Artikulu hau Xabier Landabidearen blogean argitaratu da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Eguneraketa berriak daude