argia.eus
INPRIMATU
2013-2023: sufrimenduz eta duintasunez beteriko hamarkada

Asier Guridi ZaloƱa 2023ko irailaren 20a

2013ko irailaren 20an goizeko lehen orduetan Venezuelako Turmero herrian semea eskolako bigarren egunera neramanean, Interpolek arma erakustaldi eta show handi bat eginda atxilotu ninduen; Interpoleko poliziek argiro erakutsi zuten kanpoko interesei jarraiki ari zirela, eta gainean zituzten dokumentu guztiak Espainiako Polizia Nazionalak emanak zituzten. Turmerotik Caracaserako bidean hainbat argazki eta bideo grabatu zituzten; ni Caracasen Interpolen egoitzara eraman nindutenerako Espainian Barne Ministerioak atxiloketaren berri eman zuen.

Operazio hori Espainiaren informazioarekin, Espainiak emaniko aginduekin eta eskainitako sari ekonomikoarekin egin zen; eta asmoa egun horretan bertan hegazkin batean sartu eta deportatzea zen… Baina Caracasen Interpolen egoitzara sartu nindutenean haien arduradun batek, "kafesne" bat hartzera gonbidatuz niretzat agindu berriak zeudela esan zidan. Atxiloketa operazioan parte hartu zutenen aurpegiak irribarretik aurpegi serio eta tristeetara aldatuta zeuden. Venezuelako inteligentzia zerbitzuaren esku utzi ninduten, eta horien instalakuntzetan egin nuen egonaldi bat. Argi ikusten denez, Venezuelako Estatuak garaiz parte hartu zuen, deportazioa gelditu eta bestelako agindua eman; eta hori eskertu beharrekoa da.

2023ko azaroan hemezortzi eguneko gose-egarri greba bat egin nuen inteligentziako zerbitzuen egoitza barruan. Egoera aldatzeko negoziatzera etorri ziren eta handik hiru egunetara nire bikotekidea eta semea zeuden etxera eraman ninduten.

Kalean inolako nortasun agiririk gabe aurkitu nintzen; nire izenaz bizitza egiten, baina nor nintzen erakusteko agiririk gabe. Berehala "Asier Guridirekin elkartasunean eta bere askatasunaren alde" izenarekin sortua zen taldearekin bilera izan nuen, ordura arte egindakoa eskertu eta aurrerantzean egin beharrekoa aztertu genuen. Talde hori Fredy Gutiérrez abokatu konstituzionalista eta Hugo Chavezen abokatua izanikoa, Rafael Uzcategui gerrillari ohia, Tamanaco de La Torre chavista, ezkerreko alderdietakoak, gerrillari izanikoak eta Venezuelako Euskal Errefuxiatu eta deportatu politikoen kolektiboko kidea. Bilera horretan aurrera begira zer egin ere aztertu zen eta aho batez erabaki zen nortasuna, babesa, bermeak, eskubideak eta bizi-baldintza duina emango zuen asilo politikoa edo errefuxiatu izaera lortzea beharrezkoa zela. Eta horrela, 2013ko abenduan ordurako kantzileritzan eskatua zegoen asilo politikoari gehigarria egin zitzaion eta bestalde Errefuxiatu Izaera eskaria ere egin zen.

Venezuelako Estatuak garaiz parte hartu zuen, deportazioa gelditu eta bestelako agindua eman; eta hori eskertu beharrekoa da

2014ko urte hasieran Madrilen egoitza diplomatiko batean Amaiur eta EH Bilduko hautetsiak izan ziren eta baldintza onartezinak asumitu zituzten. Asier Guridi Zaloña nortasun, babes, berme, eskubide eta bizibiderik gabe geratu behar zela asumitu zuten; horrek familiarengan ere zer ondorio zituen pentsatu gabe. 2014ko apirilean Iñako Goioaga Espainiako senataria izan zen Madrileko egoitza diplomatikoan asumitua Caracasen ezartzera etorri zen unea; Hotel Albara deitu ninduen eta "solidario izanez" geldi gelditzeko agindu zidan, hau da, nortasun, berme, babes, bizibide eta eskubiderik gabe heriotza zibileko bizitzan geratzea inposatu zidan.

2014an hasi zen sufrimendua, heriotza zibila eta linboko egoera. Gatibu hartu nindutenera arte nuen lanbidea egin ezinik eta familia aurrera ateratzeko ezintasunarekin. Poliziak nortasun agiria eskatzen zidan aldiro arazoak eta poliziei dirua eman beharra… Linboko egoeran, bizibiderik gabe, jakiak eskuratzeko arazoekin, semea instituzio eta kirol elkarteen aurrean nik ordezkatzeko ezintasuna. Handik laster Venezuelan egoera ekonomikoa guztiz okertu zen eta dendetan erosketak egin ahal izateko nortasun agiria derrigorrezkoa bihurtu zen; halako agiririk ez nuenez jaki eta bestelakoen erosketetatik baztertua izan nintzen.

2020an Espainiako Estatuan indarrean nituen kasu juridikoak preskribatu eta artxibatuak izan ziren. Une hori profitatu nuen Caracaseko Espainiako Kontsulatu Orokorrean nire pasaportea eskatu eta ordaintzeko; baina Espainiako Estatuak nire identifikazio eskubidea urratuz pasaporterik gabe utzi ninduen. 2021eko abenduaren 3an lehen gose greba hasi nuen Espainiako Kontsulatu Orokorraren azpian eta abenduaren 7an Venezuelako Gobernuak errefuxiatu izaeraren aitorpena onartuz erreakzionatu zuen.

2021-2022 urteetan, Errefuxiatu Izaeraren Aitortza aktak zioenari jarraiki Venezuelako identifikazio agiria eskuratzeko tramiteak hasi nituen eta errefuxiatuontzat bete ezinezko baldintzekin aurkitu nintzen. SAIME edo Venezuelako Identifikazio Zerbitzuak Espainiako pasaportea indarrean aurkeztea eta 1500$ ordaintzea eskatzen zidan, besteak beste. Horrela, 2022ko maiatzean martxoa-apiril aldera beste gose greba bat hasi nuen Caracasen Espainiako Kontsulatu Orokorraren egoitza azpian, ordaindua nuen nire pasaportea eskatzeko, identifikazio bat izateko nire eskubidea aldarrikatuz. Espainiako kontsulak hartu ninduen eta ez emateko agindua zutela esan zidan; 36 egun egin nituen gose greban eta Caracaseko Perez Leonen ospitaleratu ninduten.

Gose greba gogorretik errekuperatuta, hainbat instituzio eta autoritateri idazkiak helarazi nizkien eta bestelako kontaktuak egin nituen. 150 egun inguru iraungo zuen kale agerraldi edo plantoia ere hasi nuen, nortasun agiriaren aldarrikapena batera eta bestera eramanez. Venezuelako Fiskaltza Orokorraren aurrean hilabetez gau eta eguneko bijilia edo egonaldia egin nuen.

Azkenean 2023ko maiatzaren 3an, Venezuelako Errepublika Bolibariarreko Asanblea Nazionalean izaniko ekitaldi ofizialean, Diputatuen Kanpo Harremanetarako Komisioko diputatuen aurrean, Venezuelako Identifikazio Zerbitzuko zuzendaria den Gustavo Vizcainok Venezuelako Nortasun Agiri Nazionala eman zidan.

Eta egiazko nortasuna egiaztatzen duen Venezuelako Agiri Nazionala eskutan izanda zer? Ba nire seme Ibanen jaiotza agiria zuzenduta bere eskubideak eta legalitatea bermatzea falta da. Iban oso testuinguru berezian jaio zen; jazarria nintzen eta ihesi zegoen aitaren seme izanik ezin izan zen erregistro zibileko aurkezte normal eta zuzenik egin. 2022ko ekainean sartu nuen epaitegian Ibanen jaiotze agiria Erregistro Zibilean zuzentzeko eskakizuna eta epaileak forma arrazoiak medio "bidegabea" zela ebatsi zuen eta bide administratibora bideratu ninduen.

Urte hauetako egoerak eta borrokak argi erakutsi dute 2014an babes, nortasun, eskubide, berme eta bizibiderik gabe uztea erabaki okerra izan zela

Venezuelako Aragua Estatuko Erregistro Zibilaren aurrean egin nuen zuzenketa eskakizuna eta 2022ko azaroaren 31rako erantzungo zidatela esan zidaten; hainbat aldiz joan nintzen erantzun bila eta azkenean 2023ko apirilean nire espedientea galdu zutela eta ez zutela erantzungo esan zidaten. Venezuelako CNEko Erregistro Zibileko errektore Alexis Corredorengana jo nuen eta elkarrizketa bat izan nuen. CNEko Erregistro Zibileko Zuzendari Orokorra den Irwing Gonzalezengana jo nuen eta hark idatziz erantzun zuen, Ibanen jaiotza agiria zuzentzeko "ez konpetentea" bezala agertuz eta epai bideetara itzularazita. 2023ko abuztuaren 7an bigarren aldiz aurkeztu nuen epaitegian Ibanen jaiotze agiria Erregistro Zibilean zuzentzeko agindu dezaten eskakizuna, eta gaur egun tramite horretan gaude. Era berean, arazoa ikustarazteko kale agerraldiak hasi ditut, Ibanen interes gorena eta eskubideak aldarrikatzeko, elkartasuna eta konponbidea eskatzeko.

Ibanek eskubideak eta legalitatea izan ditzan borrokan jarraituko dut; 2014an erraz asko konpondu zitekeen egoera hau, Amaiur eta EH Bilduko hautetsien erabakien erruz konpondu gabe dago. Erregistro Zibileko agiriak zuzenduz dagozkion eskubide eta legalitatearen jabe egin dadin; Oñatin bizita legez kanpoko egoeran den nerabea izatea utzi dezan; naziotasun bikoitza eskuratu eta eskubide guztien jabe egin dadin.

Urte hauetako egoerak eta borrokak argi erakutsi dute 2014an babes, nortasun, eskubide, berme eta bizibiderik gabe uztea erabaki okerra izan zela. Fredy Gutiérrez abokatuak eta Rafael Uzcategui politikari eta gerrillari ohiak ere argi dute orain Ibanek dagokion eskubideak berehala izan behar dituela, eta berandu gabiltzala.

Nire bizitzan borroka izan da bidea, norabide eta ardatza; aurrerantzean ere dagozkidan/dagozkigun eskubideen jabe izan arte borrokan jarraituko dut gure Euskal Herria zatitu eta zapalduaren askatasunaren alde egitea ahantzi gabe.

Asier Guridi Zaloña, euskal errefuxiatu politikoa

Venezuelako Errepublika Bolibariarra