2012rako emakume guztiak superwoman Viagra berriarekin

  • Urtebete barru merkatuan egongo da emakumeei libidoa iratzarraziko omen dien botika berria. Boehringer-Ingelheim laboratorioaren pilulak oraindik ez dauka izenik; bai, aldiz, konpondu behar omen duen eritasunak: emakumezkoen sexu disfuntzioa. Produktuak sortu du beharra.

    Mundu osoko sexologoak bildu ziren iazko uztailean International Consultation on Sexual Medicine (ICSM 2009) izeneko kongresuan. Horrelako biltzarretan ohi denez, hizlari ospetsuekin batera protagonista nagusiak farmaziako enpresak izan ohi dira, puntako berrikuntzak aurkeztuz. Pariseko biltzarrean botika izarretako bat artean bataiatu gabe zegoen, oraindik merkaturatzeko baimen guztien jabe ez delako, test guztiak osatu zain: Boehringer-Ingelheim laboratorioak laster plazaratu behar duen emakumeentzako Viagra.

    Pilula saldu ezinean, konpondu behar omen duen gaixotasunaz egiten zuen Boehringer-Ingelheimek promozioa bere estandean. Ahaztu “frigidotasuna” bezalako hitz itsusiak: orain emakumeen sexu disfuntzioak dira kontua. Parisen aritu zen hizlariren baten zifretan... emakumeen %40 baino gehiagok nozitzen duena. Baina zer diozu, gizona, emakumeen ia erdiak sexu harremanetan arazoak dituela?

    Horrela hasten da martxoan Frantziako Canal+ telebistan Spécial Investigation saioan eskaini duten erreportajea. Sophie Bonnet-ek gidatutako lanari titulutzat eman diote Les nouveaux jackpots des laboratoires pharmaceutiques (Farmaziako laborategien mauka berriak). Bonnetek hilabete luzetako ikerketa eta dokumentatze lana egin du, iturri asko arakatuz, tartean Pharmacritique blogeko arduradunei ere galdetuz. Blogan eskuragai daude erreportajearen bideoekiko loturak.

    Farmaziako marka handiek botikak zabaldu aurretik eritasun berriak nola sortu dituzten erakutsi du Bonnetek ia ordubeteko dokumentalean, eta adibideetako lehena balizko emakumezkoen sexu disfuntzioarena da.

    Sexuak beti eman du dirua. Larrutan txapeldun izateko itxaropenak, izugarri, azken urteotan Viagra pilulekin (10 euro ale bakoitza). Galdetu 650 milioi Viagra ale saldu dituen Pfizer multinazionalari, publizitatean agureak jarri ditu saltaka Queens taldearen “We are the champions” famatuarekin, baina marka laborategiak hautsi du.

    Gizonari sabel barreneko anaia txikia ez zutitzea marka txarra baldin bazaio, Viagraz edo gabe ederki gogortzen zaionak badu beste arrisku bat saihestu beharrekoa superman egokia izatekotan: eiakulazio goiztiarra, azkarregi korritzea alegia. Eta honetarako ere zen erremedioa Parisen, Priligy, Janssen-Cilag laborategiak merkaturatu duena.

    Priligyren dohainak haizatzen dituen Jacques Buvat doktoreak kameraren aurrean abonatu ditu haren birtuteak, askoz gehiago direla zakila gogortzeko arazoak dituzten gizonak baino azkarregi hustekoak dauzkatenak, hauek dakarzkien ondorio guztiekin, estresa, estutasunak, eta beste.

    Amerikako Estatu Batuetan gobernuak ez du legeztatu Priligy, eraginkortasuna demostratu ez duelako eta alboko kalteak sor ditzakeelako. Baina Jacques Waynberg sexologo frantsesa urrunago doa kritikan: “Aparte ez duela deusetarako balio, botika honekin naturaren legea hautsi nahi da. Arrak, naturak hala erabakita, segundo gutxi batzuetako koitorako eskubidea dauka. Contra natura da koitoa luzatu nahi izatea. Aldiz, erremedio psikiatrikoen mende jartzera goaz jende normalak”.


2010ko apirilaren 18an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
viagra

Gizon beroegiak, emakume hotzak

Emakumezkoen Viagra saldu behar duen Boehringer-Ingelheim laborategiaren promozioan sexologo amerikar batek lautan banatzen ditu emakumeen sexu disfuntzioak:  sexurako gogo falta, eszitazio falta, orgasmo arazoak eta sexu harremanetako oinazeak. Sexurako desirarik eza, irritsik eza, botikaz artatzeko gaixotasuntzat klasifikatuta dago, beraz.

Journal of the American Medical Association aldizkariaren arabera (AEBetako medikuen aldizkari ofiziala da) emakumeen %43k nozitzen du emakumeen sexu disfuntzioa deitu gaixotasuna. Artikulu hau irakurtzen duzuen emakumeon ia erdia eri omen da.

1998an informazio horrek hautsak harrotu zituen. Geroago jakin zen ikerketa sinatzen zuten hiru medikuetatik bi farmaziako industriarentzako ari zirela lanean.

Haserrea adierazi zuten mediku askoren arteko bat da Jacques Waynberg sexologo frantsesa, zeinari ez etikoaz gain lotsagarria iruditzen baitzaio emakumeen ia erdia horrela tratatzea. Urteetan aurrera joandako sendagilearen kontuetan, emakumeen %5-%8 dira sexurik gura ez dutenak, eta honek ez du zerikusirik gaixotasun batekin.

“Sexu gogorik ez duen emakumeari galdetzen diodan lehenbiziko da ‘zer dela eta behar duzu gogoz izan, zeren gogoz, noren desiraz? Eskubidea daukazu desirarik ez izateko, platerean daukazunaz aspertu bazara’. Iduri luke gizonezkoek hain kalitate handia dutela, ezen emakumeek ez daukatela uko egiteko deretxorik. Eskandalo bat da. Ezin dut ulertu emakume sexologoak horrelako gauzak esaten ibiltzea. Edo, bestela, oso garesti erosi dituzte”.

Emakumeen sexu disfuntzioak eta eiakulatze goiztiarra 1994tik gaixotasun psikiatrikotzat klasifikatuta dauzka buruko eritasunen bibliatzat jotzen den DSM eskuliburuan (buruko arazoen eskuliburu estatistikoa). 1950eko hamarkadan sortu zutenean, DSMk 60 eritasun zekartzan zerrendan. Gaur 400dik gora dakartza, tartean eskizofrenia bezalakoak eta baita fobia sozialak ere: herabetasuna, azkar gorritzea...

Film dokumentalean aurrerago ikusiko dugu Sophie Bonnet kazetaria elkarrizketatzen New Yorken fama handia duen emakume psikiatra bat, The Rose Center-eko Jennifer Cameron. Honek egunetik egunera ikusten ditu sortzen buruko eritasun berriak.

“Jendea etortzen zaigu –dio Cameronek– larruazalean agertu zaion pinporta batek larrituta, loreengatik larriminez. Edozerk eragin diezazuke fobia. (...) Bai, sinesten dut gaitz berriak azalduko direla, kreatiboak izan behar dugu (...) Adibidez, planetaren beroketagatik edo biologikoz ez elikatzeagatiko larriminak, A gripea harrapatzeko beldugarriko larritasuna...”.

Bitartean, Jeffrey Lieberman doktorea buru dutela, 300 psikiatra amerikarrek lanean darraite DSM eskuliburuaren 2012ko zenbakirako. Buruko eritasun gehiago bilduko ditu. Adibidez, tartekako haserrealdi bortitza, edo sexu promiskuitatea. Eta denetarako, antidepresiboak.

Gaitz psikiatrikoen eskuliburuan parte hartzen duten doktoreek eskubidea dute farmaziako industriatik urtean bakoitzak 10.000 dolar kobratzeko. Hori diru deklaratutan. Enkargua? Eguneroko arazo txiki edo handiak gaixotasun bihurtzea, botikak saltzeko. Emakumeen ia erdia gaixoarazteraino.

Informazio gehiago:


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude