Jon Torner
jontorner@argia.eus
Pasa den asteazkenean banatu zituzten Nobel Sariak. Literatura, fisika, kimika, medikuntza eta ekonomia arloetako sarien banaketa ekitaldia Stockholmeko Auditorioan egin zen eta bakearena Oslon. Hamaika saridunek eginiko lana da azpimarratzekoa baina guztien gainetik bi izen agertu dira: J.M. Coetzee idazle hegoafrikarra eta Shirin Ebadi abokatu irandarra. Batak Literatura Saria jaso zuen eta besteak Bakearena. Biak ala biak izan ziren asteazkenean protagonista.
Ibilbide oparo bati errekonozimendua
John Maxwell Coetzee (1940) idazle hegoafrikarrak jaso zuen asteazkenean Stockholmen txalo zaparrada handiena. Auditorioan bildu ziren lagunek euren mirespena erakutsi nahi izan zioten besteak beste "Waiting for the barbarians" ("Barbaroen zain". 1982), "Life & Times of Michael K." ("Michael K.ren bizitza eta garaia". 1983), "Foe" (1987) eta "Disgrace" ("Zorigaitza" . 1999) liburuen autoreari. Suediako Akademiak apartheidaren, arrazakeriaren eta moral bikoitzaren aurka eginiko lanagatik eman dio Literatura Nobel Saria aurten Coetzeeri.
Informazio gehiago:
Literatura Nobel Saria: John Maxweel Coetzee. Gune ofiziala.
"He and his man" ("Bera eta haren gizona"). Pasa den astelehenean Coetzee-k Suediako Akademiaren aurrean eskainitako hitzaldia. "Berria"k
hitzaldiaren hainbat pasarte argitaratu zituen hilaren 10ean.
AEB, NBE eta Islamaren sektore kontserbadoreena kritikatu ditu Ebadik
Bakearen Nobel Saria jaso ondoren eskaini zuen hitzaldian, Amerikako Estatu Batuak, Nazio Batuen Erakundea eta Islamaren sektore kontserbadoreena kritikatu zituen Shirin Ebadi abokatu irandarrak. Esan zuenez, "hainbat estatuk printzipio unibertsalak eta giza eskubideak urratu dituzte irailaren 11ko gertaerak eta terrorismoaren aurkako gerra aitzakia bezala baliatuz". Besteak beste, AEBek Guantanamon (Kuba) preso dituzten lagunek bizi duten egoera salatu zuen Ebadik. Era berean, mendebaldeko herrialdeen moral bikoitza kritikatu eta, Israel eta Iraken arteko desberdintasunak hizpide izanik, bi galdera jaurti zituen: "NBEren Segurtasun Kontseiluaren erabaki batzuk zergatik dira lotesleak eta beste batzuk ez? Azken 35 urteetan Israelgo Estatuak bultzaturiko lurralde palestinarren okupazioari buruzko hamarnaka erabaki zergatik ez dira berehalakoan aplikatu?".
Horrez gain, giza eskubideen eta emakume eta umeen eskubideen alde lanean diharduen abokatuak Islamaren hainbat sektore ere kritikatu zituen. Bere hitzetan, Estatu musulmanetako herritar ugarik eboluzionatu egin nahi du eta horrek ez du esan nahi tradizioa ahaztu behar denik. Ebadirentzat, emakumeak bizi duen diskriminazioak kultura patriarkal eta matxista batean ditu sustraiak. Irango islamiarrek, bestalde, kritikatu egin dute Ebadik (eurek
Sharon Ebadi deitzen diote) beloa kendu, gizonezkoei bostekoa eman eta unibertsitateak bisitatu izana.
Informazio gehiago:
Bakearen Nobel Saria: Shirin Ebadi
"In the name of the God of Creation and Wisdom" ("Sorkuntzaren eta Jakinduriaren Jainkoaren izenean"). Shirin Ebadiren hitzaldia.
Iranian Children's Rights Society
"Irakeko ekosistemak baditu gerraren aurrekontuak" (Net Hurbil, 2003/02/02)
"Salam-Pax, Bagdadeko gure kronista (Net Hurbil, 2003/06/15)
"Estatu Batuetan herritarrek burua galdu ote dute?" (Net Hurbil, 2003/07/06)
"Irak inbadituz dolarrak euroa ahuldu nahi zuen" (Net Hurbil, 2003/10/19)
"Jerusalemgo miraria adostu dute Geneban (Net Hurbil, 2003/11/16)
"Irak",
"Palestina" eta
"Irailak 11" ("Gara"ren dossierrak)
Gainerako Nobel saridunak:
Hona hemen Nobel Saria irabazi dutenen zerrenda:
Fisika Saria: Alexei A. Abrikosov, Vitaly L. Ginzburg eta Anthony J. Leggett fisikariek jaso dute, fisika kuantikoaren esparruan supereroankortasun eta superjariakortasun fenomenoei buruz eginiko ikerketengatik.
Kimika Saria: Peter Agre eta Roderick MacKinnon estatubatuarrentzat izan da zelulen kanalen inguruan egindako lanagatik.
Medikuntza Saria: Paul C. Lauterbur eta Sir Peter Mansfield-entzat izan da, "erresonantzia magnetikoaren bidezko irudikatze-teknikarekin zerikusia duten aurkikuntzak egiteagatik".
Ekonomia Saria: Robert F. Engle eta Clive W.J. Granger-ek jaso dute, ekonometria eta makroekonomiaren arloetan buruturiko lanagatik.
Informazio gehiago:
Nobel Sariak. Web gune ofiziala
"Supereroankortasuna eta superjariakortasuna, Fisikako Nobel sarian" (Zientzia.net)
"Kimikako Nobel saria, zelulen kanalei buruzko bi ikerketari" (Zientzia.net)
"Medikuntzako Nobel saria, bi fisikarirentzat" (Zientzia.net)