argia.eus
INPRIMATU
2000 grabaziotik gora jaso dira euskal dantzen ikus-entzunezko ondarea babesteko proiektuan
  • Euskal dantzen ikus-entzunezko ondarea arriskuan zegoela ikusita, hondatu aurretik bildu eta digitalizatzeko lanak egin dituzte. Zortzi urte iraun dituen programan 2000 grabaziotik gora digitalizatu eta dokumentatu dituzte, eta fitxak dagoeneko kontsulta daitezke Eresbilen katalogo orokorrean.

dantzan.eus 2022ko azaroaren 29a
Beskoitzeko kaskarotak, 1990.

Eresbilen zuzendaritzapean eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak babestuta, Dantzan elkartea aritu da irudien bilketa eta katalogazio lanak egiten. Euskal dantzaren dokumentazioen mapak erakutsi zuen hainbat dantza taldetan ikus-entzunezko bildumak zeudela. Grabazio gehienak 1970, 80 eta 90 hamarkadetakoak ziren eta ikusita bideo-zinten bizi-iraupena 20-25 urtekoa dela, erabaki zen zinten digitalizazioa premiazkoa zela grabazio horietan jasotako ondarea babesteko. Horrela, dantza bideoen eta filmazioen premiazko digitalizazio plana izan da indarrean 2015-2022 bitartean.

Talde, erakunde eta norbanakoekin kontaktuan jarri eta gordeta zituzten materialak digitalizatzeko aukera eskaini zaie. Zinta horiek Dantzan-en jaso, ordenatu, etiketatu eta Sincro ekoiztetxeak digitalizatu ditu. Behin digitalizatuta, dokumentazio lana egin da, besteak beste, grabazioen lekuak eta datak identifikatu, parte-hartzaileak adierazi eta minutuz minutu agertzen diren irudiak eta dantzak deskribatuta. Jasotako informazio hori katalogo bateratu batean jasotzen ari da Eresbil, euskal musikaren artxiboa.

Digitalizatu eta katalogatu diren bildumak

31 bilduma digitalizatu eta dokumentatu dira, 5 erakundeenak, 17 dantza taldeenak eta 9 norbanakoenak. Zehazki honako bildumak digitalizatu dira 2015-2022 urteetan:

  • Erakundeak: Ikerfolk, Arabako Dantzarien Biltzarra, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarra, Iparraldeko Dantzarien Biltzarra, Dantzan.eus.

  • Dantza taldeak: Haritz (Elgoibar), Kezka (Eibar), Gure Kai (Deba), Mendi Alde (Santurtzi), Aurtzaka (Beasain), Elai Alai (Portugalete), Oñatz (Oñati), Duguna (Iruñea), Itsas Alde (Bakio), Maritzuli (Baiona-Biarritz), Goizaldi (Goizaldi), Indarra (Gasteiz), Trebeska (Donostia), Begiraleak (Donibane Lohizune), Itxas Argia (Getxo), Andra Mari (Galdakao) eta Oinak Arin (Beskoitze).

  • Norbanakoak: Ander Barrenetxea, Jexux Larrea (Ikerfolk), Felipe Amutxastegi, Patxi Laborda, Jaime Albillos, Xabier Etxabe, Josu Agirre, Lisa Korkostegi eta Eric Bouvier.

Askotariko irudiak

Dantza irudiak erakusten dituzten zintak dokumentatu dira nagusiki, baina badira Euskal Herriko festa eta beste zenbait erritu agertzen direnak ere. Dantza ardatz duten hainbat motatako grabazioak jaso eta eremuka sailkatu dira.

  • Tokian tokikoak: 182 lekutako dantza eta festa tradizionalen irudiak ageri dira. Herri batzuetan tradizio bat baino gehiago ageri dira.

  • Emanaldiak, ikuskizunak eta jaialdiak: 1.143 emanaldiren irudiak identifikatu dira guztira. Zenbaitetan dantza talde eta ikuskizunak errepikatzen dira eta beste askotan ezin izan da lekua edota emanaldia identifikatu.

  • Dantza txapelketak: dantza solte eta aurresku txapelketak dira, guztira, 70.

  • Dantzari egunak: hainbat herritako dantzari egunak dira, guztira 53.

  • Maskaradak: 59 emanaldi identifikatu dira

  • Bestelakoak (ikastaroak, entseguak, elkarrizketak, aste kulturalak, dantzaldiak, dokumentalak): Bestelakoak erakusten dizkiguten 488 ekitaldi daude.

Irudi gehienak Euskal Herrikoak dira, baina badira atzerrikoak ere; batik bat taldeek egindako biretakoak, baina badaude Euskal Herritik kanpoko dantza tradizio jasotzen dituzten irudia gutxi batzuk ere. Proiektu osoan jaso diren irudi gehienak 1980 eta 1990ko hamarkadakoak dira, 2000ko hamarkadako irudiak ere oparoak dira.