argia.eus
INPRIMATU
Subflubialaren proiektua gelditzea eskatu dute Leioako Artatza parkeko kanpaldian
  • Ekainaren 14 eta 15ean ibaipeko subflubialaren proiektuaren aurkako kanpaldia egin zuten 200 lagun inguruk Subflubiala Ez! plataformak antolatuta.

     

Jon Fernández González 2025eko ekainaren 16a
Subflubialaren aurkako kanpaldia. Subflubiala Ez!

Antolatzaileen esanetan euriari aurre eginez 200 pertsona baino gehiagok hartu dute parte kanpaldiaren ekimenetan. Besteak beste, eguzki energia erabiltzen duten tresnen tailerrak, zuzeneko musika bertoko artistekin, poesia ekologikoa, haurrentzako jolasak eta Frantziako A69 autobidearen aurkako borrokari buruzko hitzaldia izan dira. Igandean kalejira batekin amaiera eman zioten ekimenari. Egitaraua jai giroan aurrera eraman dutela azaldu du plataformak.

"Osasuna eta ingurumena arriskuan jartzen dituen eta etorkizuna hipotekatzen duen proiektu jasanezina" gelditzea exijitu dute kanpaldian. Leherketen arriskua nabarmendu nahi izan du plataformak, haien hitzetan, "azterketa zorrotzik gabe" egin nahi dituztelako eta "bibrazio eta zarata arriskutsuak" sortuko dituztelako. Ballontiko biaduktuaren proiektua ezetza jaso zuen, eta "arrazoirik gabe" berpiztu dutela salatu dute, Galindoko hainbat berdegune arriskuan jarrita.

Bizkaiko Foru Aldundiak "mugikortasunaren ikuspegi zaharkitua" duela salatu du plataformak. "Logika zaharkitu horren aurrean, azterketa sakona eskatzen dugu, gaur egun oinez, bizikletaz edo garraio kolektiboan egin daitezkeen ibilbideak identifikatzeko, garraiobide horiek indartzeko eta ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko".

Kanpaldiaren amaieran deialdi berria iragarri dute: Subflubialaren aurkako manifestazioa egingo dute urriaren 18an.