argia.eus
INPRIMATU
COP28
200 herrialdek erregai fosilak atzean uzteko trantsizioa hastea onartu dute
  • Lehen aldiz eztabaidatu da halako goi-bilera batean erregai fosilak atzean uzteko erabakia, baina airean utzi dituzte epeak eta helburuak. Hego globaleko herrialdeak izango dira oraindik ere krisi klimatikoaren kaltetu handienak, El Salto-k jaso duenez.  

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko abenduaren 13a
Sultan Al-Jaber goi bilerako presidente eta Arabiar Emirerri Batuetako Industria Ministroa // Argazkia: by Arctic Circle (cc-by-2.0)

Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen 2023ko Biltzarrak (COP28) erregai fosilak atzean uzteko trantsizioa hastea erabaki du, bi asteko negoziazioaren ondoren. 200  herrialdek onartu dute erregai fosilak “modu progresiboan” uzten joan eta “trantsizioa”  abiatzea. Hala, 2050erako karbono neutralitatera iristea jarri dute helburu gisa, Al-Jaber goi bilerako presidente eta Arabiar Emirerri Batuetako Industria Ministroak jakinarazi duenez. Ez dituzte bestelako epe eta helburuak zehaztu, eta Hego globaleko herrialdeek krisi klimatikoaren kaltetu handienak izaten jarraituko dutela azpimarratu du El Salto-k.

Parisko Akordioari buruzko Balantze Globalaren testuak, ordea, haserrea eragin du prozesu honetan, bereziki, energiari buruzko atalak: erregai fosilek energia kontsumoaren %80 betetzen dute, eta klima larrialdiaren eragile nagusiak dira. Herrialde batzuk erregai fosilak atzean uztearen aurka agertu dira. Greenpeace-k Arabiar Emirerri Batuetan duen ordezkaritzak adierazi duenez, ezer baino lehenago “premiazkoa da egun 1,5ºC-ren mugatik gora bultzatzen gaituzten fosilen erauzketak hedatzeko plan guztiak gelditzea”, El Salto-k jaso duenez.

Luze negoziatu behar izan dute adostasunera iristeko eta 200 herrialdeek negoziaketetan eginiko “lan gogorra” azpimarratu du al-Jaberrek. “Lorpen historikoa eta aurrekaririk gabekoa” izan dela gaineratu du, aurretik COP28a inoiz ez baita erregai fosilei buruzko adostasunera iritsi: “Harro egon behar dugu arrakasta historikoaz, eta Arabiar Emirerri Batuak harro gaude hori lortzeko izan dugun eginkizunaz”.

Kalte-ordainak

El Salto-k jaso du sinatutako akordioak ez duela bermerik ematen Hego globaleko herrialdeek energia berriztagarrietara igarotzeko baliabideak lor ditzaten, ez eta bestelako behar batzuk konpontzeko baliabideak eskuratzeko ere. Hori dela eta, AEBek 20 milioi dolar emateko konpromisoa hartu dute, herrialde hauek dituzten kalte-ordainak oso urriak baitira.