Martin McGuiness Sinn Féin alderdiko kideak eta Ipar Irlandako lehen ministrordeak azken 20 urtetan egin diren aurrerapausoez eta oraindik egiteko dagoenaz mintzatu da igandean Derryn egindako agerraldian. An Phoblacht gunean jaso dituzte bere hitzak.
“Esfortzuak, kemenak, eta aktore politikoen konpromisoak berebiziko garrantzia izan dute bake prozesuaren arrakasta eta politikaren transformazioa lortzeko, bai irlan barrena, bai irlaren eta Britainia Handiaren artean ere”, adierazi du McGuinessek.
“Besteen ikuspuntuak entzuteko prest egotea orain arte egin ditugun aurrerapausoen giltzarria izan da. Bi gobernuak aurrerapenaren buruan izan behar dira, ez iragan hurbilean bezala, gogogabetasunaren irudi”, esan du bere diskurtsoan.
Hain zuzen ere, hitz egitearen garrantzia azpimarratu du McGuinessek: “1994ean gatazka iraunkor batetik ateratzeko bide bakarra izan zen eta Irlandako errepublikarrek bat egin zuten horrekin. Ekintza armatuak defendatzen dituzten disidente errepublikarrei eskatzen diet 2014ean politikarako pausu bera eman dezatela, gatazketatik urrun. Ezin gara itzuli gizartea hainbeste denboraz markatu duen biolentzia eta errepresiora”.
DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren hitz egiteko konpromiso eza kritikatu du McGuinessek, “benetako mehatxua” unionistek elkarrizketatik, konpromisotik, akordiotik eta adiskidetzetik urruntzea dela salatuz: “Hitz egitearen eta negoziatzearen aurka egitea beste arazo batzuetara ere hedatu da birus bat bezala”.
“Akordioaren kontrakoek ulertu behar dute ez garela iraganera itzuliko, alderdi bakarreko egunak, menderatzea eta errepresioa bukatu direla eta ez direla inoiz bueltatuko. Hitz egiteak eta akordioa lortzeak ez dute alternatibarik. Bide bakarra da irla honetan guztiontzako etorkizun hobea lortzeko”, esanez bukatu du diskurtsoa.