argia.eus
INPRIMATU
20 urte beharko dira Gazan suntsitutako etxebizitzak berreraikitzeko
  • Duela astebete Gazan su-eten iraunkorra iragarri eta gero, palestinar askok beren etxeetatik kanpo jarraitzen dute eta milaka etxebizitza suntsiturik geratu dira Israelgo armadaren bonbardaketen ondorioz. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera, Israelek egun ezartzen dituen oztopoekin jarraituz gero, 20 urte beharko dituzte eraitsitako eraikinak berreraikitzeko.

Judith Perez @judyjudd 2014ko irailaren 02a
2.000 etxebizitza baino gehiago suntsitu dituzte Israelen bonbardaketek (argazkia: Ashraf Amra / APA images)

500.000 palestinar baino gehiagok beren etxeak utzi behar izan dituzte Gazan. Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziaren (UNRWA ingelesezko sigletan) datuen arabera, 58.071 pertsonak NBEren 36 eskoletan bizitzen jarraitzen dute oraindik.

Israelen erasoek 15.670 etxebizitza kaltetu dituzte guztira, eta horietatik 2.276 guztiz suntsitu. 108.000 palestinar inguruk epe luzerako irtenbideak beharko dituztela aurreikusi du NBEk.

NBEren eskolak, “esperientzia negargarria”

Asma al-Rumi Nazio Batuen eskola batean Rafahn bizi da bere familiarekin uztailaren 18tik. “Leku txikia da, eta lehen jende asko zegoen, eta asko gaixo zeuden. Jendez beteta zegoen, zarata asko eta ur garbirik ez. Otordu bat genuen egunean, eta ez zizkiguten ematen manta eta koltxoi nahikorik lo egiteko”, azaldu dio Electronic Intifada webguneari. Dutxak su-etena iragarri baino hamar egun lehenago jarri zituztela ere adierazi du.

Batzuk beren etxeetara itzuli ahal izan direnez, egoera orain hobea dela dio al-Rumik, baina hala ere “esperientzia negargarria” dela: “Eskolako arduradunek gauero kontaketa egiten dute. Norbait ez badago ez diote janaririk ematen hurrengo egunetan. Esaten dute jarraibideak ez dituztela beraiek ezartzen, goi-karguetan daudenek baizik”.

Israelek abuztuaren 3an Rafah-ko eskolari eraso egin zion eta hamar pertsona hil zituen. “Israelgo armadari 33 aldiz esan genion eskola hori jendea hartzeko erabiltzen ari zela, azkeneko aldian erasoa egin baino ordubete lehenago bakarrik”, adierazi du Pierre Krähenbühl UNRWAren komisarioak.