argia.eus
INPRIMATU
20 kartzela zigor ezarri ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak Herriko Tabernen auzian
  • Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Juan Kruz Aldasoro, Joseba Alvarez eta Karmelo Landari hiru urteko kartzela zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak Herriko Tabernen auzian, “erakunde terroristarekin kolaboratzea edo parte hartzea” egotzita.

ARGIA @argia 2014ko uztailaren 30
Espainiako Auzitegi Nazionalak urtebete eta hiru hilabetetik hiru urterainoko kartzela zigorrak ezarri ditu Herriko Tabernen auziko 20 lagunentzat (argazkia: EFE).

Jon Gorrotxategiri, Floren Aoizi eta Antton Morcillori delitu berdinengatik urte eta erdiko zigorra ezarri diete.

Herriko Tabernetako beste hamabi arduradun ere zigortu ditu epaiak, urtebete eta hiru hilabetera: Bixente Enekotegi, José Luis Franco, Enrike Alaña, Maite Amezaga, Juan Ignacio Lizaso, Jon Martinez, Patxi Bengoa, Idoia Arbelaitz, Jaione Intxaurraga, Agustin Rodriguez, Izaskun Barbarias eta Ruben Andres.

Auzitetu askok beteta dute jaso duten espetxe zigorra eta ez dute kartzelara itzuli beharko. Halere, defentsako abokatuek helegitea aurkeztuko dutela jakinarazi diote Berriari.

111 Herriko Tabernaren jabetza gal dezake ezker abertzaleak

Helegitea aintzat hartuko ez balitz, kalte ekonomikoa ere eragingo lioke epaiak ezker abertzaleari, 111 Herriko Taberna konfiskatuko bailizkiokete.

Epaiaren aurkako mobilizazioak

Epaiaren kontrako protesta egiteko mobilizazioak deitu dituzte. Asteazkenean herriz herri egingo dira eta larunbatean 12:30ean herrialdeka; Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean.