1975-2015, korapiloaren aurrean, euskal haustura demokratikoa!

  • Ostiralean 40 urte beteko dira Francisco Franco hil zenetik. Horren harira Iratzar Fundazioko zuzendariak iritzi artikulua idatzi du, Korapiloa egitasmoaren barruan.


2015eko azaroaren 19an - 15:38

Duela 40 urte hil zen, gaixotasunak jota, Francisco Franco, 1936ko estatu kolpe faxistaren ondorioz ezarri zen diktaduraren burua. Hitler edo Mussolini ez bezala, inork ez zuen Espainiaren Kaudilloa agintetik kanporatu. Bigarren Munduko Gerlaren irabazleek ez zuten frankismoa erori arazi. Alta, Mendebaldeko eragileen babesari esker iraun zuen lau hamarkadaz. Are makurrago, laguntza horrek ahalbideratu zuen frankismoak berak bere ondorengo erregimenerako trantsizioa diseinatu eta lotu izana.

Helburu bat partekatzen zuten estatu frankistak, atzean zeuden espainiar eliteek eta nazioarteko tutoreek: gainezkapen demokratikoa eta eredu sozio-ekonomikoaren aldaketa galaraztea. Gauzak horrela monarkiaren errefusa, frankismoaren  kriminalen zigorra, estatu aparatuen garbiketa, mendebaldeko esparru kapitalista-inperialista mailako uztarketaren kolokan jartzea eta herrien autodeterminazio eskubideak marra gorriak ziren. Garaian “haustura” gisa ezagutzen  zen alternatiba ereduaren oinarriak, hain zuzen.

Hausturaz hitz egiten zuten frankismoaren azken urteotan nahiz ondotiko lehenetan indar antifrankista gehienek. Baina ez zen hausturarik izan, dakigunez. Iniziatiba izan zuten hastapenetik frankismoaren erreformatzaileek,  prozesuaren kontrola bermatuz. Azkenean, erreformak ia dena izan zuen bere alde: aurretik zetorren estrategiaren abantaila, eliteen jarrera, nazioarteko tutoreen babesa eta –era berezian azpimarratu behar den- antifrankista historiko askoren etsipena.

Antifrankista izandako horiei esker nagusitu zen erreforma, haustura baztertu eta klaudikazio historikoa egin zutelako, militante askoren borroka eta sufrimendua zakarrontzira botata. Oposizio historikokoek ez ezik, mugimendu eta alderdi edo sindikatu berrietako kide askok ere saldu zuen bere burua, “jaka aldaketa” erraldoi hartan, bixkotxaren puska baten truke.

Besterik ezin zela aldarrikatu zuten, baina beren joera eta erreforma bera mitifikatzen lagundu zuten, Trantsizio Eredugarriaren Mito atzerakoi eta desmobilizatzailea bultzatuz. Orain ere, esanguratsuki, garai hartako etsipenak argudiatu eta azaldu nahian dabiltza batzuk.

Dena ez zen errendizioa izan, alta. Dena ez zegoen salgai, hausturaren aldeko guziak ez ziren kooptagarriak. Euskal Herria bilakatu zen frankismoaren erronka nagusia diktaduraren azken urteetan, eta talka areagotu zen Franco hil ondotik. Bete betean jo zuten euskal eragile haustura zaleek garai hartan, egin zuten azterketan nahiz erreformaren kontrako jarrera politikoan. Zenbaitek orain “deskubritu” dutena atzeman zuen duela 40 urte borrokaren sen kolektiboak, hau da, frankismoarekiko lotura horiek eta erreformaren ezaugarriek mugatu zutela erabat “espainiar demokrazia”.

Larrutik ordaindu zuen Euskal Herriak erreformaren aurreko erresistentzia irmoa; egia esan, oraingoz ari gara ordaintzen, ezarritako salbuespen egoeararen menpe segitzen dugulako.

Euskal eragile haustura zaleek, eta bereziki orduan gorpuztu, berritu eta indartu zen ezker abertzaleak aurre egin zioten erreformari, beste aunitzen etsipena salatuz. Mendekua ez zen nolanahikoa izan, eta beste garaietan haustura aldarrikatzen zuten askok bat egin zuen errepresioaz. Ezker abertzalea eta oro har frankismoaren garaietan piztu eta erreformaren aurrean berrindartu zen euskal matxinada etsai nagusia bilakatu zen.

Oroimenaren lehia

Orduan ezarritako paradigma sozio-ekonomomikoa, eredu juridiko-politikoa eta ardatz ideologiko-kulturalak krisian daude: Erreformaren Erregimena krisi sakon eta larrian dago murgilduta. Gorabeheraz betetako Euskal Herriaren matxinadaren jarraipen historikoan ez ezik, Katalunian indar oroz hausten ari da orduan inposatutako josketa, eta protestak eta atxikimenduaren gainbehera zabaldu dira estatuko beste lurraldeetan.

Duela 40 urte bezala, gainezkapen demokratikoa eta eredu sozio-ekonomikoaren aldaketa dira eliteen kezka nagusiak. Baina, batez ere, bi arrisku horiek estatuaren batasunaren apurketa gisa irudikatzen da. Kataluniako matxinada lehertu da, estatua bera eta nazionalismo espainiarraren menpe dauden ustezko indar eraldatzaileak agerian utziz. Nabarmena da, berriro ere, nazio auzi gisa lehertzen direla egitura arazo sakonenak, estatu mailako alternatiba demokratizatzaile eta eraldatzaile sendoaren ezean.

Gauzak horrela, iraganari bestela begiratu eta bertsio ofizialak kolokan jartzeko joera areagotu da. Kolokan dago gaur egun Trantsizio Eredugarriaren Mitoa, irakurketa kritikoak ugaltzen direlarik.

Ereduaren gainbehera testuinguru honetan, begi bistakoak dira Trantsizio eredu horren oinarriak berreskuratu nahi dituztela eragile batzuek, erregimenaren leherketa edo gustuko ez dituzten eboluzio bide ezberdinak oztopatu nahian. Batzuendako, mitifikatutako iragana itzultzea da kezka nagusia, aldaketa sakonei atea ixteko, baina indar demokrazia zale eta aurrerakoien ikuspegitik ezinbestekoa da erreformaren irakurketa kritikoa, hausturaren beharra azpimarratuz.

2015eko haustura ereduaz

Haustura hau, berriz, ezin da duela 40 urte bezala ulertu, ez bederen Euskal Herrian. Ezta, nabarmena denez, Katalunian ere. Garai batean erronka espainiar estatua demokratizatzea baldin bazen, gaur egun haustura aipatzean espainiar estatuarekiko hausturaz ari gara.

Horregatik, gaur egun, gure zerumuga ezin da estatu mailako eraldaketa prozesuren bat izan. Asko ikasi dugu azken hamarkadetan: eromena litzateke espainiar mailako aldaketaren menpe gelditzea. Geure bidea egin behar dugu, eraldaketa aukeretan laguntzeko eta bultzatzeko prest, beti egon garen moduan, baina euskal agenda eraikitzaile eta eraldatzaileari lehentasun osoa emanaz. Euskal bidea da, finean, gaur egungo euskal haustura demokratikorako bidea.

Franco hil ondotik, aurreko urteetatik zetorren joera areagotu eta bide propioa hartu zuen Euskal Herriak. Bide-banaketa izan zen erreforma prozesua, euskal matxinada demokratikoaren erresistentzia deskonexio eta intsubordinazio saioa izan zelarik. Deskonexio eta intsubordinazio hura indartzeko eta berrasmatzeko tenorean gaude egun. Ikasi duguna aintzat hartuta, milaka militante eta lagunen esperientziak baliatuz, ondare erraldoi hori transmitituz, borroka eraldatzailearen sena erabiliz, aurrean ditugun erronken aurrean asmatuz…

Gainezkapen demokratikoa bultzatzeko garaia da. Herriak subordinazioa eta menpekotasuna gailendu behar ditu, subjektu politiko nagusia bilakatuz. Hori da gainezkapena, desborde demokratikoa, XXI. mendeko euskal matxinada demokratikoa, frankismoaren erreformaren kontrako erresistentziari hainbeste zor diona.

Francok dena lotuta eta ongi lotuta utzi nahi zuen eta korapilo hori apurtzeko ordua da.

Korapiloa askatuz

Iratzar Fundazioan iragana, gaur egungo egoera eta etorkizuna uztartu nahi ditugu ikerketa, hausnarketa, eztabaida eta proposamenen formulazio jardueretan. Era nabarmenean, Francoren Diktaduraren ondotiko urteetan gertatutako prozesua, tarte historikoa garrantzitsua da oraingo errealitatearen aurrekariak ulertu eta, era berezian, Euskal Herriaren geroa pentsatzeko.

Horregatik, Korapiloa izeneko egitasmoa garatzen ari gara, oroimena eta pentsamendu nahiz jarduera eraldatzaileak bultzatzeko. Lekukotzak, dokumentuak, bideoak, audioak, bestelako erreferentziak, denetarik biltzen ari gara eta hausnarketa zabaldu nahi dugu, parte hartu nahi duen orori ongi etorria emanaz.

Hausnarketa kolektibo honek belaunaldien arteko transmisioa eta elkarlana erraztu nahi ditu, milaka lagunen esperientzien sistematizazioa bideratuz. Ibilbidearen irakurketa komun honek, parte hartzeari bideak eskaintzeaz gain, pentsamendu kritikoa eta trebakuntza politikoa bultzatuko ditu.

Duela 40 urte hil zen Franco diktadore madarikatua. Euskal Herria eta ezker abertzalea, berriz, bizi bizirik daude, indarberrituta, korapiloa askatzeko determinazioak bultzaturik, urrats berriak emateko prest.

 

Floren Aoiz, Iratzar Fundazioko zuzendaria

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Eguneraketa berriak daude