Hala dio Nafarroako Gobernuak eskatutako txostenak. Txostena osatzeko eta 1978tik aurrera ikertzen jarraitzeko beharra azpimarratu du Martin Zabalza Nafarroako Bake eta Bizikidetza zuzendariak, baina orain arte traba juridikoek oztopatu dute ikerketa.
Ez du bide erraza izan txostenak. Giza eskubideen urraketak ikertzeko 30.000 euroko deialdia zabaldu zuen Uxue Barkosen Gobernuak 2017an, eta torturak ikertzeko diru bat esleitu zitzaion Euskal Herriko Kriminologiaren Institutuari, baina Espainiako Estatuko Abokatutzak helegitea aurkeztu zuen eta deialdia eten egin zen azkenean. Nafarroako Parlamentuak beste lege bat onartu zuen iaz, eta honen aurka ere helegitea aurkeztua dute PP, Ciudadanos eta VOXek.
Auzitegi eta medikuek ez zuten torturen ikerketa eraginkorrik egiten
Halere, txostenaren lehen urratsa izan daitekeena aurkeztu dute legebiltzarrean, EH Bilduk eskatuta. Txostenaren ondorioa da Frankismoaren amaieran eta Espainiako Trantsizioaren hasieran tortura praktika sistematikoa eta orokortua zela Nafarroan, eta asko zirela Espainiako Poliziarengandik eta Guardia Zibilarengandik jasandako tortura horiek salatzen zituzten herritarrak, baina auzitegi eta medikuek ez zutela salaketa horien ikerketa eraginkorrik egiten. 204 kasu aztertu dituzte eta 169 egiaztatu (beste 35etan ez zegoelako nahikoa dokumentaziorik).
Laura Bego eta Paco Etxeberriak zuzendutako txostenak hasiera batean 1960tik 2016ra bitarteko aldia hartu nahi zuen, benetako dimentsioa ezagutu asmoz, baina aipaturiko oztopoak izan dituzte. Azterlanari beste hainbat txosten txertatuko zaizkiola iragarri du Ana Ollo kontseilariak. Olloren hitzetan, torturaren biktimek egiarako eta erreparaziorako eskubidea dute.