argia.eus
INPRIMATU
1945etik 1980a arteko froga atomikoen eraginez 2,4 milioi jende hilko dira
  • Froga Atomikoen Kontrako Nazioarteko Eguna ospatu da abuztuaren 29an mundu osoan. Bertan, Nazio Batuen Erakundeak arma atomikoak debekatu ditzan kanpainan ari den ICAN erakundeak oroitarazi du 2,4 milioi jende hilko direla munduan 1945tik 1980ra bitartean munduko potentzia handiek beren armak frogatzeko egin dituzten 2.000tik gora leherketen ondorioengatik.

ARGIA @argia 2018ko abuztuaren 30

Asteazkenean, abuztuak 29, munduak ospatu du Froga Atomikoen Kontrako Nazioarteko Eguna, arma atomikoak dauzkaten potentziek eta eduki nahi dituztenek horiek testeatzeko egiten dituzten leherketak debekatzea eskatzeko eta orain arte leherketon eraginez kaltetutako biktimak oroitzeko. Nazio Batuen Erakundearen lehendakari Antonio Guterresek zabaldutako mezuan esan du: "Test nuklearren historia sufrimeduaren historia da, 2.000 leherketa atomiko baino gehiagok eragindako biktimena, hauek sarritan munduko giza talde ahulenetakoak direlarik".

1945tik 1980ra artean kontabilizatutako 2.083tik gora froga nuklear horien leherketak batuta Hiroshimakoa bezalako 29.000 bonbaren leherketa osatzen dute. Arma atomikoen debekua eskatzen duen ICAN erakundeak egun honetan gogora ekarri ditu eztanda horiek minbizi, malformazio eta bestelako gaitzez kaltetutako biktimak, Gerra Atomikoaren Aurkako Medikuen elkartearen kalkuluetan 2,4 milioi herritar erradiaktibitatez hiltzen ari direnak.

Isao Hashimoto (1959) artista japoniarrak bideo honetan irudikatu zituen leherketa guztiok munduko maparen gainean kronologikoki ipinita: