Aranzadiko teknikariek joan den asteazkenean hasi zituzten bi gorpuak ateratzeko lanak. Nafarroan dagoeneko 64 gorpu atera dituzte legealdi honetan. Memoria berreskuratzen diharduten taldeek jasotako testigantzei esker aurkitu dituzte gorpuzkinak.
Gorpuak Ibero herriko Lapurren Zubia deritzonetik gertu zeuden. Ikertzaileek testigantzen garrantzia nabarmendu dute. “Pertsona haien lekukotasunari esker, eta memoria taldeak gertatutakoari buruzko datuak biltzen egindako lanaren bitartez, bi pertsonen gorpuzkiak aurkitu ahal izan dira".
Jada 64 gorpu berreskuratu ditu Nafarroako Gobernuak legealdi honetan. Horietatik hiru Urdanizen eta beste bat Olabe herritik gertu topatu dituzte orain dela gutxi.
Sartagudan memoriak tinko darrai
Sartagudan Nafarroako Memoria Historikoaren eguna ospatu da asteburuan. Herriko Memoria Parkearen hamargarren urteurrena dela eta, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria bertan izan da eta ETAren amaiera aipatu du biktimak oroitzeko orduan. Frankismoak hildako herritarrek ere ez direla atzean utzi behar nabarmendu du. “Debekatuta dago ahanztea, bai gaur baita bihar ere”. Biktima guztiak oroitu behar direla aldarrikatu dute parte-hartzaileek eta memoria ez dela ahanzturaren zingiran erori behar.
Jokin de Carlos 1936an Fusilatutako Senitartekoen Elkarteko presidenteak Barkosen hitzak eskertu ditu, ekitaldira gerturatzeaz gain, biktima guztiak aintzat hartzeagatik. “Parkea zabaldu zela hamar urte bete ditugun honetan, pozten gara frankismoaren nahiz ETAren biktimen gotorleku bilakatu izana Memoriaren Parkea”, adierazi du De Carlosek.