argia.eus
INPRIMATU
1936an eraildako baten hezurdura atera dute Lizarrustin
  • Olaberriako 17 urte gazte baten hezurdura izan daiteke. Familia, etxarriarrak, udaleko eta gobernu ordezkariak izan ziren lurretik ateratzearen lekuko. Une hunkigarriak bizi izan zituzten.

Guaixe .eus @guaixe 2018ko irailaren 03a
Martzelo Lasa Zeberioren familiakoak, 1936an fusilatutako gaztearen gorpuzkinen aurrean. (Argazkia: Manu Gomez)

Aranzadi zientzia elkarteko kideak, Paco Etxeberria antropologo eta forentsea buru zutela, gizonezko baten hezurdura atera zuten atzo goizean. Lizarrustin izan zen, Quifosa inguruan. Aranzadikoak lanean hasi eta lehenik Oviedo bi fusilen 3 bala kaskilloak opatu zituzten. Beste bala kaskilloa errematatzeko erabili zutena ere agertu zen. Ondoren, hezurdura. Aldamenean ezpartina txuriak eta koilara bat ere agertu ziren.

DNA  probak egin eta egiaztatu faltan, lur azpitik ateratakoa Marcelo Lasa Ceberio Olaberriako 17 urteko gaztearen hezurdura izan daiteke. Abertzalea zen eta 1936ko agorrilaren 25ean erail zuten. Basoan egon den hezurdura oso hondatuta dago, hanketako hezurrak kontserbatu dira batez ere. DNA laginak atera eta Nafarroako Gobernuaren bankuan gordeko dira, beharrezko identifikazioak egiteko.

Hezurdura opatzeko Francisco Lakuntza Larraza etxarriarraren lekukotasuna ezinbestekoa izan da. 1936an Lizarrustin bizi zen eta 6 urte zituela gorpua arrastaka nola zeramaten ikusi zuen. Antza, aitarekin eta osabarekin arrantzan zegoen, tiro hotsak entzun eta kaxko batera igo eta handik bi gizonezkok beste bat hilda zutela ikusi zuen. Aldegiteko eta ez begiratzeko esan omen zioten. Pago baten erreferentzia eman zuen eta handik ez oso urrun agertu zen hezurdura. Beraren zehaztasunak eta familiak eta Aranzadi elkarteak jasotako datuak oinarri hartuta, heriotzaren leku zehatza aurkitu ahal izan da.

Marzelo Lasa Zeberio 17 urterekin hil zuten Lizarrustin. (Argazkia: Manu Gomez)

Esandakoak

Eneka Maiz Ulaiar alkateak familiari “izandako inplikazioagatik eta kemenagatik” eskerrak eman zizkien, hura izan baitira indusketa sustatu duena. Esker ona Aranzadi elkarteko kideei azaldu zien, “egindako lan profesionalagatik”. Maizek Nafarroako Gobernuarendako esker oneko hitza ere izan zituen, exhumazio hau bere gain hartu zuelako. Etxarri Aranazko alkateak gaineratu zuen, herriko Sufrimenduaren Mapan beste urrats bat eman zela gorpuzkiaren aurkikuntzarekin. “Etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzeko, beharrezkoa da iraganeko korapiloak askatzea, eta memoria eta erreparazioa bermatzea” gaineratu zuen.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo eta Josemi Gaston, Nafarroako Memoriaren Institutuko buruak Lizarrustin izan ziren. Ollok herritarren lekukotzen garrantzia azpimarratu zuen. Aldi berean, gogorarazi zuten larunbatekoa Nafarroako Gobernuaren lurpetik ateratzeko programaren barruan kokatzen dela, “memoria eta giza eskubideen politika publikoen lehentasunezko konpromisoetako bat da”. Aranzadi zientzia elkartearekin duen hitzarmenaren fruituak ere nabarmendu zuten: 75 gorpuzki berreskuratu eta 21 pertsona identifikatu dira eta familiari bueltatu zaizkie erreparazio erakunde-ekitaldietan. Identifikazio gehiago egiteko desagertuen senideek euren DNA laginak uztearen garrantzia azpimarratu zuten.

Albiste hau Guaixek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.