1936an Burgosen hildako tolosar errepublikano baten gorpuzkiak hilobiratu dituzte Duintasunaren Kolunbarioan

  • Tolosako herritarra zen Miguel Vargas Arnaizen gorpuzkiak hobiratu dituzte Elgoibarren. Rabanera del Pinar (Burgos) udalerrian erail zuten, 1936an. Besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak hartu zuten parte ekitaldian.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko apirilaren 19an - 08:19
(Argazkia: Barren.eus)

Aranzadik 2009. urtean atera zituen hobitik Vargasen gorpuzkiak, Burgoseko Memoria Historikoarekin elkartearen eskariz. Hipotesi bat zuten orduan: Rabanera del Pinar herriko bizilagunek gogoan zuten non egon zitezkeen lurperatuta 36ko Gerran eraildako zenbait pertsonen gorpuzkiak. Bost laguneko talde baten bila aritu ziren, baina topatu zituzten gorpuzkiak ez ziren bila ari zirenenak. Bilaketa eten egin zen orduan. 

Paco Etxeberriak Tolosaldeko Atariari jakinarazi dionez, beste hipotesi bati heldu zioten orduan: "Gerran desagertutakoen senideen lagin gehiago bildu ahala, konturatu ginen lagin horietako bat, Tolosa inguruko familia batena, bat zetorrela Rabanera del Pinarren topatutako gorpuzkietako baten DNArekin, Miguel Vargasenarekin, hain zuzen. Familiak, gainera, beren aitona Burgos aldean desagertu zela zehaztu zuen. Hipotesi horri heldu genion, eta baieztatzea lortu ere bai", dio Aranzadiko auzi-medikuak.

Gerran hildakoak identifikatzeko DNA programa abian jarri denetik identifikatu den lehen pertsona izan da Vargas. Familiak urteak zeramatzan bere bila.

Urte luzez Tolosan bizitakoa

Miguel Vargas Burgosekoa zen jaiotzaz, baina Tolosa izan zuen bizileku urte luzez. Irakasle izan zen, eta Sorian Guardia Zibila ere bai. Erretiroa hartu ostean, Tolosako enpresa batean zaintza lanak egiten aritu zen. Gerra hasi aurretik, bere sorterrira itzuli zen, San Millan de Larara (Burgos, Espainia), han bertan zituen lursailak galduko ote zituen beldurrez. Han zela, 1936ko irailaren 23an atxilotu zuten eta, egun gutxira, irailaren 27an, fusilatu zuten. Errepublikanoa zen.

 

(Argazkia: Barren.eus)

Gorpuzkiak, Elgoibarren

Asteartean Elgoibarren egin zuten ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak Miguel Vargasen gorpuzkiak eman zizkieten bi senideri, eta ondoren, bertako Duintasunaren Kolunbarioan hilobiratu zituzten. Aintzane Ezenarro, Gogora Institutuko zuzendaria ere bertan izan izen.

Gerra Zibilean desagertu ziren eta identifikatzerik izan ez diren pertsonen gorpuzkiak, edo identifikatuta dauden arren, senitartekoek bertan hilobiratzea erabaki duten pertsonak daude Elgoibarko hilerrian dagoen Duintasunaren Kolunbarioan lurperatuta.

2017ko urtarrilaren 30ean inauguratu zuten, eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako lehena izan zen. Uneotan 52 lagunen gorpuzkiak daude bertan hobiratuta.

 

Albiste hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fusilatuen bila
1936ko Gipuzkoako krimenen arduradunak publikoki adierazi zuen "gupidarik gabe fusilatu" behar zela

1936ko udazkenean Hernanin eta Oiartzunen frankistek egindako zientoka hilketen arduradun nagusiena izan zen Ramiro Llamas komandante eta epailea. Hilabete gutxira jendaurrean publikoki adierazi zuen fusilatze horien inguruan pentsatzen zuena; diskurtso beldurgarri hori oso... [+]


1936an desagerrarazitako Felix Goyaren monolitoari eraso egin diote Eulaten

Oraindik ere 36ko Gerraren memoriak sarri jasotzen ditu haginkadak orduko borreroen oinordekoen aldetik. Azken horietako bat Eulateko Felix Goyaren monolitoak jasandakoa da. 1936an atxilotu eta hil zuten frankistek 51 urterekin, eta oraintsu hiltzaileen ondorengoek berriz egin... [+]


Kondor Legioak Munitibarren 1937an egindako bonbardaketari buruzko liburua argitaratu dute

Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak eman du argitara Munitibar 1937/04/26: Aire-eraso baten kronika liburua eta igandean aurkeztuko dute jendaurrean. 1937ko apirilaren 26an Kondor Legioak Munitibarren aterpetuta zeuden herritarrei eraso egin zien. Egun bereko arratsaldean, Gernikan... [+]


2023-02-09 | ARGIA
1937an Bilboren defentsan hildako sei gudariren eta milizianoren gorpuzkiak itzuliko dizkiete senideei

Genetikoki identifikatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak 1937ko udaberrian hildako sei errepublikarren gorpuzkiak itzuliko dizkie beren senideei, Bilboko Gogora institutuaren egoitzan larunbatean egingo duten ekitaldian.


1936ko Hernaniko fusilatzeak
“Ez dadila entzun gehiago ‘askatuta’ hitz nazkagarria”

Larunbatean Hernaniko Udalak beharrezkoa den oroimen ekitaldia egingo du herriko hilerrian 1936an frankistek hildako 200 lagunak gogoratzeko. Baina zeintzuk izan ziren krimen horien arduradunak? Zeinek sustatu eta agindu zituen fusilatzeak? Komeni da izen horiek ere ez ahaztea.


Eguneraketa berriak daude