argia.eus
INPRIMATU
18.000 lagun gehiago hil ditzake minbiziak Erresuma Batuan, osasun-sistema pandemiarekin gainkargatuta dagoelako
  • Erresuma Batuko zenbait adituk ohartarazi dute herrialdean minbiziak eragindako hildako kopurua nabarmen hazi daitekeela, koronabirusa dela eta gaixo askok beren tratamenduak atzeratu behar izan dituztelako. %20 hazi liteke minbiziaz hildakoen zifra Erresuma Batuan.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 29a
Erresuma Batuko ospitale bat. Argazkia: The Independent.

Herrialdean 26.000 hildakotik gora eragin ditu pandemiak, baina are hildako gehiago eragin ditzake, beste gaixotasunak dituztenak ere kaltetuko baititu. Koronabirusak Erresuma Batuko osasun sistemaren arreta guztia bereganatu du, beste gaixo batzuen kaltetan. Osasun zerbitzuen arabera, minbizia detektatzeko frogak %76 jaitsi dira, eta kimioterapiarako txandak %60.

Minbizia duten pertsonak arrisku taldeetan egon daitezke, eta beraietako zenbait COVID-19aren eraginez ere hiltzen badira, beste batzuk diagnostikoa eta kimioterapia sesioak berandu ematen dizkietelako hilko dira, University College Londonen (UCL) ikerketa baten arabera. Hamar hildakotatik zortzi beste mota bateko gaixotasunak ere izateagatik hil daitezke, hala nola, bihotzeko arazoak, odolaren presio altua, diabetesa edo obesitatea.

Pandemiaren hasieratik bertatik Erresuma Batuko osasun sistemak adierazi zuen beste gaixotasun batzuk zituztenen tratamenduek aurrera jarraituko zutela, baina datuek errealitate hori ezeztatu dute. Hori horrela, UCL-ko ikertzaileek deia luzatu diete minbiziaz jotako pazienteak artatzen jarraitzeko eta beren egoera kontrolpean izateko.