Gazako Osasun Ministerioaren arabera, Israelek 2023ko urrian zerrendaren aurkako oldarraldia gogortu zuenetik 86 palestinar hil dira gosez, horietatik 76 haurrak. Manifestazioak egin dituzte hainbat herrialde arabiarretan, Gazarako su-etena aldarrikatzeko eta palestinarrek laguntza humanitarioa eskuratzea exijitzeko. Askatasunaren Ontzidiak salatu du Handala itsasontziari sabotajea egiten saiatu direla, Gazara abiatu aurretik.
The Lancet aldizkariak, iazko uztailean eginiko ikerketa batean, ohartarazi zuen Israel Gazan egiten ari den genozidioaren ondorioz 186.000 palestinar baino gehiago hil zirela. “Aurreikuspen zuhurra” eginda, "zuzeneko indarkeriaz" gain gaixotasunak edota bestelako faktoreak ere kontuan izan zituen aldizkariak, baina duela urtebete zuhurtzia zena egun eguneroko ogi bihurtzen ari da: Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi du hemezortzi palestinar hil direla zerrendan gosez, larunbatetik igandera bitarte. "Mugak irekitzea exijitzen dugu, Gazako biztanleek laguntza humanitarioa jaso dezaten", adierazi du ministerioak sare sozialetan.
Gazako Osasun Ministerioak salatu du gosetea "isilpeko sarraskia" egiten ari dela zerrendan, eta berriki Munduko Elikadura Programak emandako datuek hori berresten dute: erakunde horren arabera, zerrendan bizi diren hiru palestinarretatik batek egunak daramatza elikagairik jan gabe, eta milaka dira gosetea jasaten dutenak. Erakundeak salatu du laguntza humanitarioa zeramaten bere 25 kamioiei tiro egin diela soldadu israeldarrek, Gaza iparraldean, "muturreko gosetea" dagoen eremuetara bidean zirela. Horrez gain, laguntza humanitarioa banatzen duten zentroetara bidean zirela gutxienez 73 palestinar hil ditu Israelgo armadak igandean, eta dagoeneko 900 baino gehiago dira horrela hildakoak maiatzaren amaieran GHF Gaza Humanitarian Foundationek laguntza banatzeari ekin zionetik.
Salaketak eta mobilizazioak nazioartean
Gazan bizi duten egoera salatzeko, hainbat herrialde arabiarretako milaka biztanle kalera irten dira asteburuan, genozidioaren etetea aldarrikatzeko eta laguntza humanitarioa zerrendara sartzea exijitzeko. Esaterako, Marokon milaka lagunek Rabat hiriburuko kaleak hartu dituzte igandean, Al Omq al Maghrebi berri agentziaren arabera. Zerrendan Israel egiten ari den genozidioa salatzeaz gain, Rabatek Tel Avivekin dituen harremanak jo-puntuan jarri dituzte manifestariek: "Marokoko herriak ez du onartuko Israelekin harremanen normalizaziorik, segurtasunaren edota turismoaren justifikaziopean".
Aurreko hilabeteetan Palestinan lurreratzea lortu ez zuten Conscience eta Madleen itsasontzien ondoren, Handala itsasontziarekin Gazara heltzeko saiakera berria egingo duela iragarri zuen Askatasunaren Ontzidiak iragan astean. Bada, Siziliatik (Italia) abiatu aurretik, nazioarteko ekimenak salatu du itsasontziari bi sabotaje ekintza egin dizkiotela igande goizaldean. Batetik, itsasontziaren motorraren inguruan soka bat "estuki lotuta" aurkitu dutela jakinarazi du; bestetik, itsasontzira ur hotza eraman behar zuen tanke batean zeuden substantzia kimiko "arriskutsuek" itsasontziko bi kide zauritu dituzte.
Oztopo guztien gainetik "euren zereginarekin" aurrera jarraituko dutela jakinarazi du nazioarteko ekimenak: "Ez gaituzte isilduko eta ez gara geldituko. Gosetea eta sarraskia jasaten ari diren familiengatik abiatuko gara Gazara". Horrez gain, nazioarteko komunitateari, giza eskubideen aldeko erakundeei eta "kontzientzia" duten pertsonei Handalaren aurkako sabotaje ekintza horiek salatzea eskatu die, eta itsasontziari "ibilbide segurua" bermatzen laguntzeko.