Kirol ekitaldi handi xamarrak egiten diren bakoitzean, agintariek hauspotzen duten "inpaktu ekonomikoaz" edo "hiria mapan kokatzeaz" harago, ohikoa da ostatuen garestitze basatiaz, garraio publikoan daukaten eraginaz edota segurtasun kontuez hitz egitea. Ohikoa da, eta herritarrak onartu ere onartzen ditu albo-kalteak, hein batean, bederen. Onartu-edo egiten den moduan ikastetxe batzuek ateak itxi edo eskolaz kanpoko jarduerak bertan behera uztea. "Normaltasun" horren baitan, halere, Bilbok bihar jasoko duen futboleko Europa Ligako finalaren bueltako datu batek atentzioa eman digu: jet pribatuek 174 joan-etorri egingo dituzte Loiuko aireportuan.
Bi talde ingelesek jokatuko dute finala (21:00), Manchester United-ek eta Tottenham-ek, eta bakoitzak 20.000 zale baino gehiago biltzea espero da, 40.000 lagun baino gehiago, hortaz. Eta, horrek, noski, aireportuetako trafikoa erabat aztoratuko du. Orotara 400 iritsiera eta irteera inguru izango dira, Loiun bereziki, baina baita Forondan, Hondarribian eta Santanderren (Espainiako Estatua) ere. Bilboko aireportuak 300 joan-etorri baino gehiago hartuko ditu; erdia baino apur bat gutxiago hegaldi komertzialak izango dira, eta gainerakoak (174 hegaldi) pribatuak. "Bere historiako jet-pribatuen desfile handiena jasoko du Loiuk", irakurri dugu El Correo-n, zeinak nabarmendu duen 2021eko industria-gailurraren bueltan 56 hegaldi pribatu izan zirela. Alde batera utzita hegaldi horiek 3.000 euroko prezioa izan dezaketela –batzuentzat futbola negozio izugarri errentagarria dela berresten da–, bada klima larrialdi betean 400 hegaldi antolatzeak duen eraginaz ohartarazi duenik ere.
Gainerakoan, esan bezala, finalaren ingurukoak harrigarriak izanagatik ere, zifrek ez dute harridurarik sortzen. Bilbo eta inguruko hirietako ostatuak lepo, litera batean lo egiteagatik 850 euro pertsonako eskatzen duten aterpeak, hotel batean gaua emateagatik 2.500 euro ordaintzeko prest daudenak, 9.000 euroan alokatzen diren etxebizitzak, Amezolako eta Etxebarria parkeko fan zone deitutakoetan salduko diren 60.000 litro garagardo, hondakinak biltzeko 24 ibilgailu, dozenaka udaltzain eta ertzain... Futbolak zer dimentsio hartu duen erakusten digute kopuruok.