argia.eus
INPRIMATU
1.723 etxegabetze egin dituzte Barakaldon Amaia Egañak bere buruaz beste egin zuenetik
  • Azaroaren 9an zortzi urte bete dira Amaia Egañak bere buruaz beste egin zuela, etxegabetua izateko zorian zenean. Berri Otxoak taldeak salatu du geroztik Barakaldoko 1.723 familia bota dituztela etxetik, bataz beste lau astean.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 10
Argazkia: Berri Otxoak.

Berri Otxoak taldeko Juan Carlos Becerraren adierazpen hauek jaso ditu El Saltok: “Etxe kaleratzeak ez dira kasualitatea, laguntza sozialetan egindako murrizketen ondorio dira eta Barakaldon alokairu sozialerako politika errealik ez egotearen ondorio ere bai".

Lehen hipoteka ordaindu ezin zutenak, orain alokairua ordaindu ezin dutenak

Aurreko krisi ekonomikoan hipoteka oso handiak ordaindu ezin zituzten herritarrak etxegabetzen zituztela azaldu dio Becerrak El Saltori, baina orain, alokairua ordaindu ezin dutenak direla kaleratutakoen %83. "Hori prekarietatearen eta eros ahalmenaren jaitsieraren erakusle da". Aldiz, alokairuen prezioak gora egin du Barakaldon azken zortzi urteotan: 2012an 630 euroan zeuden eta egun 790ean. Eta langabezia bikoiztu egin da hiri honetan: 2008an 3.269 barakaldar zeuden langabezian eta egun 7.628.

Honegatik guztiagatik, alokairu sozialak sustatzeko eskatu dio Berri Otxoak taldeak Barakaldoko Udalari.