Geldirik zegoen bagoi baten sabaira igo eta han elektrokutatu da. Berarekin zegoen 16 urteko neska zauritua izan da eta Gurutzetako ospitalera eraman dute.
16 eta 17 urteko bi neska geldirik zegoen zisterna bagoi baten sabaira igo ziren Albeitzen, Araiako tren geltokian (Araba). Poliziaren ikerketaren arabera trenaren katenariak elektrokutatu zituen, 17 urtekoa bertan hil zen eta 16koa deskargaren ondorioz hainbat metro erori zen. Sabaira igotzeko arrazoia ezezaguna da oraindik, baina Ertzaintzaren hipotesiak dira kuriositatea zela eta igo zirela, jolas baten parte zela edo argazkiren bat ateratzeko egin zutela.
Larrialdi zerbitzuak ailegatu zirenean ezin izan zuten 17 urteko neska lagundu, 16 urtekoa, berriz, lurrean etzanda eta kontziente zegoen. Erredurez aparte kolpe bat hartu zuen buruan, erorketa zela eta.
Beste elektrokuzio bat
Arabako elektrokuzioa hirugarren kasua da probintzian 2025ean. Beste bi kasuak metala lapurtzen saiatzen ziren bitartean tentsio altuko dorreetara igo eta hil ziren, biak Gasteizen, bata Goikolarran eta bestea Gamarragutxian. Gainera, martxoan Usurbilen (Gipuzkoa) 11 urteko ume bat hil zen dorre elektriko batera igo eta elektrokutatuta.