Hiriko auziaren alderdi penala artxibatu du Arabako Auzitegi Probintzialak, proiektuaren bultzatzaileek deliturik egin zutela ondorioztatzeko froga nahikorik ez dagoela adieraziz.
Diru publikoa bidegabeki erabiltzea, diru-laguntzetan iruzurra egitea eta bidegabeko jabetzea leporatuta, Hiriko auto elektrikoaren proiektua bultzatu zuten lau pertsonak akusatu zituzten. Gutxienez hiru urteko kartzela-zigorra jaso zezaketen eta gehienez hamabikoa, baina epailearen erabakiaren ondoren, libre geratuko dira, ahozko epaiketarik egitera iritsi gabe.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak azpimarratu duenez, ordea, asteartean jakin zen epailearen erabakiak badu letra txikia: auzia “behin behinean” artxibatzea erabaki du eta horrek esan nahi du froga berriak agertuko balira, berriz irekitzeko aukera legokeela. Baina hori gertatzen ez bada, auziaren alderdi penalaren bidea hemen bukatzen da.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak 17 milioi euroko laguntzak eman zizkieten Hirikoren arduradunei Araban ekoiztu behar ziren “euskal auto elektrikoen” proiektua garatzeko, baina egitasmoa ez zen inoiz gauzatu.
Alderdi administratiboaren epaia 2017ko abenduan egin zen publiko eta kondena arina jarri zien epaituei, kasuaren tamaina kontuan izanda: 530.000 euroko isuna eta bi urteko inhabilitazioa enpresak kudeatzeko Afypaida enpresa sortu zutenentzat –sozietate horrek garatu behar zuen Hiriko auto elektrikoa–.
Epai hura aste honetako erabakiaren aurrekaritzat jo daiteke. Errudun jo zituen Jesus Echave –aurretik Kutxabankeko kontseilari izana, EAJk proposatuta– eta Iñigo Antia –EAJko zinegotzi ohia Gasteizen–, baita Fernando Achaerandio eta Jose Luis Bengoechea enpresariak ere, baina zuhurtzia falta larriagatik bakarrik zigortu zituen epaileak, ez diru publikoaz era bidegabean jabetzeagatik.