Datorren irailean 400 urte beteko dira Islandian 32 gipuzkoar baleazale sarraskitu zituztenetik. Gertaera horien inguruan oraindik dauden inkogniten atzetik, dokumental bat grabatzeko asmotan dira Suhar arkeologia taldea eta Gogoan ekoiztetxea, eta horretarako dirua biltzen ari dira.
Ander Arrese eta Beñat Iturriotz arkeologoak eta Eñaut Tolosa dokumentalgilea Islandiara abiatuko dira euskal baleazaleen aztarnen bila. Hala, 1615ean arrantzaleek egindako bidaiaren azken egunak berregingo dituzte, bale-ontzien hondarrak aurkitzen saiatuko dira eta bertako adituak elkarrizketatuko dituzte.
Dokumentalaren narrazioak ez-ohiko trataera izango du, marrazki-bizidunen bidez animatuko baita eta garaiko idazle islandiar ospetsua zen Jòn Gudmusson eta triskantzatik ihes egitea lortu zuten kapitainetako bat, Esteban Telleriakoa, izango ditu protagonista.
Dirua biltzeko crowdfundinga antolatu dute. 6.000 euro behar dituzte proiektuak aurrera ateratzeko eta jadanik helburuaren laurdena lortuta dute.