argia.eus
INPRIMATU
155. artikulua onartu eta hilabetera, nola eragin du Madrilen esku hartzeak?
  • Kataluniako Gobernua indargabetu eta Generalitatearen kontrola hartu ondoren, Madrilek kontrol hori nola daraman aztertu du Nació Digitalek. Barne eta Atzerri departamentuetan eragin du gehien esku hartzeak.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko azaroaren 27a

Hilabete igaro da Madrilek 155. artikulua martxan jarri zuenetik. Kataluniako Gobernu erdia baino gehiago espetxean da eta gainontzekoak Bruselan daude. Abenduaren 21erako hauteskundeak deitu zituen Madrilek eta eragile politiko guztiak hautetsontzien demarako prestatzen ari dira. Baina nola eragin du 155. artikuluaren aplikazioak, Kataluniako instituzioen egunerokoan? Hemen Nació Digital agerkariak jaso duena.

“Jarduneko gobernu bat bezala funtzionatzen ari da Generalitatea”. Orain arte zeuden zuzendari eta departamentuetako buru gehienak mantendu ditu Madrilek. Bi sail estrategikoetakoak izan ezik: Barne eta Atzerri sailak.

Barne sailburutzak kontrolatzen ditu Mossoak. Josep Lluis Trapero Mossoen burua kargugabetu zuen Espainiako Gobernuak 155. artikulua aplikatu eta berehala, kargugabetzea onartu zuen Traperok.

Atzerri sailari dagokionez, harritu egin ziren Espainiako ordezkariak nazioarteko delegazioetan Kataluniako Gobernuarentzat lanean zeuden pertsona kopuru murritza ikusita. Madrilek uste zuen Kataluniak atzerri gaietarako sare zabala osatua zuela eta horretan inbertsio handia egin zuela. Ez du halakorik aurkitu. Espainiaren eremu diplomatikoetan ez bezala, ez auto ofizialik, ezta gobernuak jarritako etxerik ere, etxea beren soldatatik ordaintzen zuten Kataluniako atzerri ordezkariek.