argia.eus
INPRIMATU
150.200 langabe daude Euskal Herrian
  • 2017 urteko langabezia datuak aztertu ditu Gaindegiak eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetan 150.200 lagun daude lanik gabe, Espainiako eta Frantziako estatuetako estatistika institutuak iturri gisa hartuta.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2018ko urtarrilaren 25

Euskal behategiak emandako datuen arabera, langabe kopurua gutxitzen ari da: 2017ko azken hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 12.600 langabe gutxiago zegoen. 2017an 1,39 puntu jaitsi da langabezia tasa eta %10,80an dago orain, “hortaz, langabezia apaltzeko joera handia izan da aurten”.

Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan gorantz

Datuok badute itzalik ordea: Ipar Euskal Herrian langabeziaren joera goranzkoa izan da azken hiruhilekoan. Zehazki, %0,2 igo da lanik gabe daudenen kopurua Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan –hiru lurraldeetako datuak bateraturik eman ditu INSEEk–.

Hala ere, Euskal Herriko tasa baxuenetakoa izaten jarraitzen du Iparraldek (%8,55)

Babesgabetasuna bikoiztu egin da Hego Euskal Herrian

Baikortasunari itzal egin eta hazkundea lan prekarioagoaren bizkar izaten ari dela ohartarazten duen beste datu esanguratsu bat, Hego Euskal Herrian langabezia-saririk jasotzen ez duten herritarren kopurua da. 2017an langabetu gisa erregistraturikoen %61ak ez zuen inolako laguntzarik jasotzen –iaz baino %0,7 gehiago–.

Babesgabetasun hori jasaten duten herritarren portzentajea ia bikoiztu egin da azken hamarkadan: 2009an %33 ziren.