Susa argitaletxearen Armiarma.eus webguneak astero zabaltzen du sarean literatur buletin bat, Literatur Emailuak izenekoa. 2002ko urtarrilean hasi ziren euskal letrazaleen postontzi digitaletara iristen. Alegia, oraintxe bete dituela hamabost urte.
“Literatur ekimenak iragartzearren sortutako e-posta bidezko albistegia da Literatur Emailuak. Susa argitaletxearen web guneko berritasunekin batera, idazleen hitzaldien zein errezitaldien albisteak emanen dizkizugu. Efemeride sail bat antolatu dugu, euskal idazleak gogora ekartzeko.Eta beste web gune batzuetako edukiei erreferentziak egiten saiatuko gara. Astero-asteroko albistegi hau jasotzea hautazkoa denez gero, hurrengo Literatur Emailuak jaso nahi ez badituzu, bidal iezaguzu mezu bat. Zure adiskideren bati bidal diezaiogun nahi izanez gero, jakinaraziko diguzu haren e-posta helbidea. Mila esker aldez aurretik”.
Mezu hori irakurri zuten hainbat lagunek duela hamabost urte eta geroztik 780 buletin jaso dituzte literaturari buruzko nobedadez hornituta. Lagun haiek eta beste hainbatek: Susan galdetuta azaldu dutenez, 1.400 harpidedun inguru ditu buletinak gaur egun.
Euskaraz argitaratutako literaturaren inguruan urteotan izan den martxaren argazki oso konpletoa eskaintzen dute Emailuek: izan diren eta izango diren errezitaldi eta irakurle-taldeen agenda, osorik digitalizatu eta publikoaren esku jarritako liburuak, atzerriko hizkuntzetatik euskarara ekarritako lanak… Duela hamar urtetik blog batean ere biltzen dute eduki guztia, baina ez dute e-posta bidezko zerbitzua eten (harpidetu nahi izanez gero, hemen dago aukera).
Momentuz ez dute urteurrenarekin lotutako ekitaldirik iragarri, baina urtean zehar hainbat lekutan efemeridearekin lotuta zerbait egiteko prestatzen ari direla aurreratu dute.