Pentsio publikoak duintzeko kanpainak 145.142 sinadura bildu ditu urte hasieran abiatu zenetik, eta pentsio apalenak behintzat lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea da helburua. EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Eusko Legebiltzarrean erregistratu du herri ekinaldi legegilea.
Duela aste pare bat ezagutarazi genuen ARGIAtik 140.00 sinadurara iritsi zela EHPM Euskal Herriko Pentsionisten Mugimendua. Ostegun honetan aurkeztu dituzte Gasteizko Legebiltzarrean 145.142 sinadurak, eta, iragarri bezala, manifestazio jendetsuaz iritsi dira bertara. Sinadurak traktore batek tiratzen zuen atoi batean iritsi dira. Ekimenak "babes ikusgarria, historikoa" izan duela ondorioztaturik, beraien eskaera aintzat hartzea galdetu diete talde politikoei.
Pentsioak osatzeko euskal sistema baten ezarpena dute helburu, eta hori pentsiodunek gutxienez SMI Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzeko –lanbide arteko gutxieneko soldata, gaur egun 1.184 euro gordinekoa da, 14 ordainsaritan banatuta–.
Zer gertatuko orain?
Hasteko, errubrikak baliozkotu beharko dituzte. Hala direla baieztatzen dutenean, Legebiltzarreko osoko bilkurarako deia egingo da, eta bertan, legegintza ekimena izapidetzeko botoak jasoko dira. Mugimenduak ezagutarazi du osoko bilkura hori seguruenik udazkenerako espero da.
Mugimenduko bozeramaile Arturo Val del Olmok sinaduren bilketa "ikusgarri" gisa kalifikatu du, eta adierazi du, lege ekimenak aurrera egitekotan, 100.000 pentsionistek onura izango luketela, zeinetan 65.000 emakumeak diren. Esfortzuak merezi izan duela ere esan du, "pentsiodun prekarioenen bizitza hobetzeko" eta "soldata-arrakala murrizteko".
Eskaera "bidezkoa" eta ekonomikoki "egingarria" eta "onargarria" dela erranda, Imanol Pradales lehendakariari zuzendu zaio eskatzeko sinadura kopurua kontuan hartuta izapidetzearen aldeko irizpidea ematea.
Mugimenduak bere aldetik zera esan du: "Herri-ekimen honen hedapenak eta harrerak ez du aurrekaririk, eta oso itxaropen handia sortu du euskal gizartearen sektore zabaletan, miseriazko pentsio argi eta garbi eskasak emendatzeko beharrari erantzuten diolako". Ekimen legegilea izapidetzeko borrokan jarraituko duela argi utzi du Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak.