argia.eus
INPRIMATU
14 urte arteko seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzea diruz lagunduko du Jaurlaritzak
  • 3 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileen kontratazioa diruz laguntzen duen moduan, pandemiak eragindako kontziliazio arazoei aurre egiteko 3 eta 14 urte arteko seme-alaben zaintzarako langileak hartzea ere lagunduko du Eusko Jaurlaritzak.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 9a

Salbuespenezko diru-laguntza martxoaren 1etik irailaren 30era eskatu ahal izango da, baina ikasturte osoa hartuko da kontuan: alegia, 2020ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30 bitartean egindako kontratazioak hartuko dira aintzat.

Laguntza kopurua

Errentaren araberakoa izango da laguntza. Familia eskatzaileak 20.000 euroko edo gutxiagoko familia-errenta estandarizatua duenean, Gizarte Segurantzari ordaindu beharrekoaren %100a lagunduko zaio diruz. Errenta handiagoa denean, laguntza  %75era artekoa izango da.

Baldintzak

Dirulaguntza jaso ahal izateko, eskatzaileek lanaldi osoari dagokion iraupeneko lanaldia izan beharko dute, familia ugarien kasuan izan ezik; azken horretan, gurasoetako bat lan-murrizketan egotea onartuko da. Langilea gutxienez 59 egun naturalez kontratatu beharko; egun horiek ez dute zertan etengabeak izan.

“Nagusiki, agindu honen helburua da batik bat emakumeek beren lana eta lanbide-karrera garatzen jarraitu ahal izatea eta, aldi berean, etxeko lanaren eta etxe barruan egiten den zaintza-lanaren gizarte- eta ekonomia-aitorpena egitea”, adierazi du Irune Muguruza Familia eta Haurren zuzendariak.