Alegazioak aurkezteko kanpainaren balorazio positiboa egin du Alde Zaharreko Gasteiz Txiki auzo elkarteak. Gasteizko udal gobernuak (EAJ-PSE) babesten duen hirigintza araudiaren aldaketak erabilera turistikoko etxebizitzen biderkatzea ahalbidetuko luke. Alegazioak aurkezteko epea amaituta, udalaren osoko bilkuran bozkatuko da araudiaren behin betiko aldaketa.
Gasteizko alde Zaharreko Gasteiz Txiki elkartea pozik agertu da iraila hasieran auzoko hainbat mugimendu herritarrek abiatu zuten ekimenak eman duen emaitzarekin: “Udalean aurkeztutako 136 alegazioak auzoak arazo horren inguruan duen sentsibilitatearen adibide dira”. Kontutan izan behar da pandemiak alegazioak aurkezteko zailtasunak areagotu dituela. Besteak beste, gizarte etxeetan hitzordua aurrez eskatu beharra izan dute herritarrek, ohikoan egun osoan zehar eta zitarik gabe egin daitekeen tramitea egiteko. Udal gobernuak bultzatzen duen araudi aldaketak “auzokoen beharrei baino gehiago higiezinen interes ekonomikoei” erantzuten diela uste du auzokideen elkarteak, auzoaren gentrifikazioa bultzatuko lukeelako.
Alegazioak aurkezteko epea amaituta, udalaren osoko bilkura batean bozkatuko dute alderdi politikoek hirigintza araudiaren aldaketa. Udalari zuzendu zatzaio Gasteiz Txiki, hain zuzen ere: “Gure udalari eskatzen diogu herritarren interesak irmoki defendatzeko eta proiektu hau behin betiko baztertzeko. Gure aldetik, adi egongo gara aurrerantzean egiten diren urrats guztiei eta, bereziki, talde politikoek gai honen inguruan hartzen duten jarrerari”.
Turistifikazio masiboa
Iragan uztailean Gasteizko Udaleko Tokiko Gobernuko Batzarrak (EAJ eta PSE) Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren moldaketa bat onartu zuen, Arabatur enpresarien elkarteak proposatuta. Osoko bilkuran behin betiko onartuz gero, aldaketarekin hiri osoan 18.697 erabilera turistikoko etxebizitza (ETE) eta erabilera turistikoko logela (ETL) sortu ahal izango liratezke (Gasteizko etxebizitzen %16,3). Neurriak Alde Zaharrari eragingo lioke nagusiki. Gaur egun lehen solairuetako etxebizitzak soilik bilakatu daitezke ETE, baina aldaketa onartuz gero, etxebizitza bloke osoak ETE bihurtzeko aukera legoke.