Berpiztu Programa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak: lau urtetan 13.250 milioi euro bideratuko ditu programara eta helburua izango da “ekonomia suspertzea eta, honen bidez, galdutako enplegu guztia berreskuratzea eta enplegu aukera berriak sortzen laguntzea”.
Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, “gure helburua langabezia %10etik behera kokatzea da”. Oinarrian, dena den, Berpiztu programa gaur egun dagoeneko indarrean dauden planen batuketa dela esan daiteke.
Programaren asmo zehatzak ere azaldu dituzte: diru horrekin nahi da 135.000 lanpostu sustatu; 6.000 enpresa eta mikroenpresa berri sortzen lagundu; Ikerketa eta Garapeneko 1.000 proiektu berri sustatu; 10.000 industria-enpresari lagundu; 4.000 industriaren eta zerbitzu aurreraturen balio erantsia handitu; 100 elikagai-industriaren balio erantsia handitu; eta 1.400ean handitu merkataritzaren, ostalaritzaren eta turismoaren balio erantsia.
Aditzera eman dutenez, programa foru aldundiei, Eudeli eta eragile ekonomiko eta sozialei aurkeztea izango da hurrengo urratsa, haien ekarpenak jasotzeko. Ondoren, behin betiko dokumentua Gobernu Kontseiluak urri amaieran onartzea aurreikusi dute.