argia.eus
INPRIMATU
13 udaletan herri galdeketak egingo ditu Gure Esku Dagok igandean
  • 155.000 herritarrek parte hartu dute orain arte Euskal Herrian estatus politikoaz egin diren herri galdeketetan. Igandean Getxon eta Galdakaon egingo dira kontsultak besteak beste, 160.000 biztanleko eremuan.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko urriaren 31

“Olatu honetan salto kualitatibo garrantzitsua egingo da”, Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikaren hitzetan. Orain arteko galdeketetan 155.000 herritarrek hartu dute parte, galdeketak egin diren Hego Euskal Herriko 165 herritan.

160.000 herritar bizi diren eremuan antolatu du galdeketa iganderako GEDk. Orain arte galdeketa egin duen herri handiena bihurtuko da Getxo igandean, 80.000 biztanle bizi baitira Bizkaiko hirugarren udalik handienean. Getxoz gain, Andoain, Areatza, Atxondo, Beizama, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Mundaka, Ibarrangelu, Leioa eta Otxandion ere egingo dituzte estatus politikoaren inguruko kontsultak.

“Urtebete daramate lanean ehunka boluntariok galdeketa batek eskatzen duen prozesua bideratzen”, dio Gure Esku Dagok. Espero gabeko testuinguru batean egingo dituzte kontsultak. GEDren ustez igandekoa termometro bat izan daiteke, Kataluniako prozesua Euskal Herrian izaten ari den eragina neurtzeko. Gure Esku Dago beste dimentsio bateko gune batean sartuko baita, Getxon, aurrekoetan baino testuinguru politiko biziago batekin. Orain arteko parte hartze datuak %25 eta %30 artean egon dira, igandean ikusi beharko.

“Hautetsontziak kalera atera eta ahalik eta herritar gehienek parte hartzea, normaltasunez”, hori dute helburu antolatzaileek. Herriz herri, “demokrazian sakontzeko tresna” baitira herri galdeketak euren ustez.