argia.eus
INPRIMATU
127.000 lagun daude pobrezian EAEn
  • EAEko Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordeak (EGAB) publikatu duen txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko populazioaren %5,9 pobrezian bizi da, 2008. urtean baino %1,7 gehiago.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko uztailaren 10a
LAB sindikatuak langileen pobreziaren aurka Bilbon egindako mobilizazioa (Argazkia: LAB)

Datu hauek are lazgarriagoak dira gazte eta immigranteengan: 34 urtez azpiko gazteen kasuan %13,7k pairatzen du pobrezia. Atzerritarren egoera askoz okerragoa da, EGABen arabera, %50ak jasaten baitu eskasia.

Langabezi tasa ere aztertzen du EGABen dokumentuak: EAEko biztanleen %15ek ez dauka lanik. Halaber, epe luzeko langabezia hazi egin da. 2013. urtean langabeen %57,4 ziren eta joan den urtean berriz %65. 2008. urtetik, 30 urtez azpiko gazteen langabezi-tasa bost bidez handitu da. Europar Batasunarekin alderatuaz oso datu txarrak dira batzordearen arabera.

Prekarietatea hazten

Nahiz eta txostenak enplegua berreskuratzen ari dela dioen –joan den urtean ekonomia %1,2  hazi zen– , lanen behin-behinekotasuna eta partzialtasuna nabarmentzen du: 2014an, EAEko lan kontratuen %5a mugagabeak  ziren, aurreko urteko baino %1,6 gutxiago. Honez gain, iaz kontratazioaren %39 denbora partzialekoa izan zen.

Txostenak azaltzen duenez, hamabost urteko enplegu goraldiaren ostean, 2009 eta 2013. urteen artean ia 100.000 lanpostu galdu ziren, EAEko lanen %10. 2014an “inflexio puntu positiboa” egon zen. Hala ere, lanaldi partzialeko kontratuak bikoiztu egin dira krisi hasierako datuekin alderatuz gero. Langile bakoitzak batez beste kontratu bakoitzeko 32 eguneko lanaldiak ditu.