Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eskariz, Euskal Autonomia Erkidegoko Lehen Hezkuntzako 6 . mailako ikasleak euskara azterketak egiten ari dira. Urrian hasitako lanak azaroan bukatutzat emango ditu ebaluazioa aplikatzearen ardura hartu duen Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak. Euskararen ebaluazioa egiteko erabilitako metodologia 2004ko azaro-abenduan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleekin erabilitako berbera da, alegia, Europako Kontseiluko Hizkuntzen Erreferentzi Markoaren irizpideak jarraitu dituzte orain ere. 2004koan B2 mailaren araberako ebaluazioa egin zieten ikasleei eta orain B1 maila ezarri diete 12 urtekoei. Ebaluazioaren emaitzak, gutxienez 2007ko martxoa arte ez dira izango. Hezkuntza Sailak iragarria du hizkuntz-ereduen sistema aldatzeko proposamena 2007ko lehen hilabeteetan egingo duela.