argia.eus
INPRIMATU
116 errefuxiatu birkokatu ditu momentuz Europak, hitzemandako 160.000tik urruti
  • Greziako Gobernuak bertan dauden errefuxiatuen lehen birkokapenak egin ditu. 30 errefuxiatu siriar eta irakiar Luxenburgora bidean irten dira Atenaseko Eleftheros Venizelos aireportutik. Lekualdatze honekin, guztira 116 errefuxiatu birkokatu ditu orain arte Europar Batasunak. Momentuz ez da hitzemandakoa betetzen ari, irailean Batasuneko herrialdeek bi urtean 160.000 errefuxiatu hartzea hitzartu baitzuten.

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko azaroaren 05
The Guardian kazetak azaldu duenez, ez dirudi egoerak hobera eginen duenik, uneon erantzuten den asilo eskari bakoitzeko 1,8 eskaera berri egiten baitira.

Europako Kontseiluaren arabera, Grezian eta Italian laster errefuxiatuen identifikazio eta erregistrorako zentro berriak irekiko dira,  eta horrek aukera emango ei du asilo eskaerei behar bezalako ihardespena emateko. Haatik, orain arteko zifrak ez dira oso esperantzagarriak: birkokaturiko errefuxiatuen kopuru apalaz landa –30 Greziak eta 86 Italiak–, bi hilabetean 1.418 asilo-toki soilik eskaini dituzte Batasuneko 14 estatuk.

Eurostat Europako Estatistika Bulegoak jaso duenez, 770.000 asilo eskaera izan dira Europar Batasunean 2015eko lehen bederatzi hilabeteetan. Azken bi urteekiko hazkundea nabarmena da, 2014an 625.920 eta 2013an 431.090 eskaera egin baitziren. Horren eraginez, iragan urtearen amaieran 490.000 baziren erantzuteke zeuden asilo eskariak, aurtengo uztailan zifra hori jada 632.000koa zen. The Guardian kazetak azaldu duenez, ez dirudi egoerak hobera eginen duenik, uneon erantzuten den asilo eskari bakoitzeko 1,8 eskaera berri egiten baitira.  

Arazo logistikoez gain, Batasuneko herrialdeen jarrera ere kezka iturri ari da izaten. Europako Kontseiluak salatu du estatu askok oraindik konpromiso finantzarioak betetzeke dituztela, eta “entzungor” egin dietela Serbiari, Esloveniari edota Kroaziari –horiek errefuxiatu oldea ari dira jasotzen hilabeteotan– laguntzeko deiei.

“Okerrena etortzeke dago”

Momentuz Europar Batasunak ez du legezko sarreren inguruko neurririk aplikatu. Mugarik Gabeko Medikuen arabera, neurri horiek aukera emango liekete milaka pertsonari euren bizitza itsasoan ez arriskatzeko. Itsasoz bidaiatzen duten errefuxiatuen kopurua nabarmen hazi da azken hilabetean: urteko lehen bederatzi hilabeteetan Mediterraneoa 172.000 pertsonak zeharkatu bazuten, urrian kopuru hori 219.000koa izan da.

Europako mugez arduratzen den Frontex-eko zuzendari Fabrice Leggeriren aburuz, gatazka zonaldeetako jendeak Europara etortzen jarraitzen duen heinean, errefuxiatuen krisiak okerrera egingo du. “Europa Batasuneko kideek prest egon behar dute datozen hilabeteetan egoera oso zail bati aurre egiteko”, gaineratu du. Mugetako kontrola areagotzea proposatu du, eta estatu kideei legez kanpoko errefuxiatuak kanporatzea eskatu.