argia.eus
INPRIMATU
1.139 neska ablazio arriskuan
Hego Euskal Herrian
  • Hego Euskal Herrian 1.139 neska genital mozketa  sufritzeko arriskuan dira ikerketa baten arabera. 14 urteko gazteak dira, ablazioa praktikatzen jarraitzen duten Saharaz hegoaldeko herrialdeetatik etorri diren adingabekoak.

ARGIA @argia 2014ko otsailaren 05

Ikerketa Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) antropologia sozial eta kulturalaren sailak eta Wassu Gambia Kafo GKEak landu dute. Emaitzak diotenez, 17.000 neska baino gehiago arriskuan daude Espainiar Estatuan eta 2008tik hona %60ean hazi da praktika honen arriskua neska gazteetan.

Adriana Kaplan txostenaren koordinatzaileak Hego Euskal Herriko egoera nabarmendu du. Hemengo neskatoek sufritzen duten arriskua ia %200 hazi dela azpimarratu du, eta  aipamen berezia behar duela esan du, praktika hauen prebentziorako martxan jarri duten politika goiztiarrarengatik eta kontuak duen arriskuaz jabetzeagatik: “Politikariei atentzio dei bat eman behar zaie elkarlan kontziente eta zorrotz bat martxan jartzeko, trauma hau larria dela konturatzeko eta hartara gizarte langileei heziketa eskaintzeko”.

Saharaz hegoaldeko gutxienez hogei herrialdetan ablazio praktiken erritua ohitura da oraindik. Mali, Ginea eta Sierra Leonan, mota honetako ebakitzeak %90 baino altuagoak dira. Txostenaren arabera, emakume somaliarren %98k ablazioa sufritzen du gaur egun.

Migrazio-lekualdatzeen ondorioz, ablazioa praktikatzen den herrialdeetatik datozen emakumeen kopurua  %40ean hazi da azkeneko aldian. “Migrazioen bitartez euren praktika tradizionalak ekipaje pertsonala bezala ekartzen dituzte”.