argia.eus
INPRIMATU
111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak
  • Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.

Maria Ortega Zubiate 2025eko ekainaren 06a
Miren Amuriza Plaza 111 Akademiaren saria jasotzen. JON URBE/FOKU

Miren Amurizaren Pleibak nobelak jaso du ostegunean 2024ko liburu onenari saria. 111 Akademiako 218 akademiakideren artean aukeratu dute, hilabete luzeko prozesuaren ostean. Aurtengoa izango da, ordea, azken saria, akademiak bere jarduna amaitutzat emango baitu aurten. Proiektuak aurrera egiteko “behar besteko babesik” ez izateak ekarri du beronen amaiera.

Sari gazi-gozoa aurkeztu du Jon Unanue 111 Akademiako buruak: gazia, 29 edizioren ostean azkena delako; eta gozoa “sortzaile bikain” batek, Amurizak, jaso duelako saria. Amurizak, hain zuzen ere, “borondatezko” lana eskertu ondoren, Nerea Ibarzabal eta Bizenta Mogel idazleak ekarri ditu gogora, eta errepikatu du Ibarzabalek Mogeli erreferentzia eginez egindako galdera: “Zenbat izar lerrokatu behar dira gaur egun emakume batek euskaraz idatzi dezan?”. Bada, konstelazio horren parte izateaz “pozik eta harro” agertu da Amuriza saria hartzean.

Amasa-Villabonako Hika txakolindegian izan da ekitaldia. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai aurkezle, Thierry Biscaryren musikak girotu du arratsaldea. Ekitaldia Unanueren hitzekin amaitu da, 29 urtean alboan izan dituztenei eskerrak eman dizkie, Andoaingo Udalari eta Amasa-Villabonakoari, saria bertan antolatzen denetik alboan izan baitute azken hori ere; eta etorkizunean irakurzaleak bilduko dituen beste talderen bat sortuko den esperantzarekin esan dio agur ekitaldiari.