argia.eus
INPRIMATU
10.000 haur baino gehiago hil edo mutilatu dituzte 2019an, gatazka egoeratan
  • Datu lazgarriak eman ditu Nazio Batuen Erakundeak: 2019an ere, milioika haurrek sufritu dituzte guda eta gatazken ondorioak munduan. Heriotzaz gain, bortxaketak, bahiketak eta mota guztietako erasoak. Afganistanen hil dituzte ume gehien, baina Siria, Yemen, Mali, Israel eta Palestina ere leku arriskutsuak dira umeentzat.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 16a

10.000 haur hil edo mutilatu dituzte eta beste 25.000 umek bortxaketa larriak jasan dituzte, alegia 70 eguneko. Erasotzaileek inpunitate osoz jokatzen dutela salatu dute Nazio Batuek, eta ziurrenik erregistratzen ez diren sexu gehiegikeriak gehiago direla, jakitera ematen direnak baino.

“Haurtzaroa beharrean, mina, basakeria eta beldurra izan dute ume hauek, mundua lekuko den bitartean. Gatazkan diren herrialdeek ez dute euren betebeharra betetzen, ez dituzte adin txikikoak babesten eta behar duten laguntza ukatzen diete”, diote Nazio Batuetatik.

Izan ere, datuen arabera %400 hazi ziren iaz laguntza humanitarioa helarazteko trabak. Eta oso larritzat jo du hori erakundeak.

Soldadu izateko bahituak

7.000 haur inguru gudan erabili zituzten iaz eta berriki, 1.683 adin txikiko bahitu zituzten, batez ere soldadu aritzeko edo esklabo sexualak izateko.