Martxoaren 25ean beste lau udal gehiago UEMAko kide bihurtuko dira. Udal guztiek Euskal Herriari ematen dioten ekarpena aitortzeko eta eskertzeko ekitaldia egingo da Azpeitian.
Martxoaren 25an Azpeitian egingo den ekitaldia mugarri izango da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) historian. Arrankudiaga (Bizkaia), Arruazu (Nafarroa), Doneztebe (Nafarroa) eta Etxebarria (Bizkaia) UEMAko kide bihurtuko dira. Horrela, 101 udal izatera helduko da elkartea, guztien artean 305.000 biztanleko lurgunea sortuz.
Ekitaldiaren harira, asteartean egindako aurkezpenean, UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok adierazi du hiru helburu dituela. Batetik, 101 udalek euskaratik eta euskaraz herriari ematen dioten "ekarpena aitortzea eta eskertzea". Horregatik, udal horietako ordezkariak eta euskalgintzako lagunak gonbidatu dituzte.
Bestetik, udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek duten garrantzia nabarmendu nahi dute. "Euskararen erdia udalerri euskaldunetan ekoizten dela adierazten dute adituek eta soziolinguistek, Beraz, ezinbestekoa da udalerri euskaldunak zaintzea, babestea eta garatzea", adierazi du Lazkanok.
Azkenik, euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala leuntzeko erronka berriak dituztela adierazi du UEMAko lehendakariak. Sortu zenetik elkartea "asko aldatu" dela ere adierazi du: "Gaur egun, UEMAn daude euskararen arnasguneak, baina badakigu elkartearen kide diren udal guztiak ere ez direla euskararen arnasguneak. Guztietan, arnasguneetan zein udalerri euskaldunetan, politika ausartak egitea eta euskara nagusituko den eremua indartzea beharrezkoa izango da".
Ekitaldirako deia
Ilaski Serrrano eta Antton Telleria kazetariek aurkeztuko dute ekitaldia, eta oholtza gainean zuzenean ariko dira Ines Osinaga eta Estitxu Pinatxo musikariak, Elene Carreto eta Ioar Labat dantzariak, Jon Maia bertsolaria eta Imanol Epelde irakasle, musikari eta youtuberra, besteak beste.
Euskal Herriko erakunde publiko nagusien zein euskalgintzaren ordezkariek ere hartuko dute hitza. Ikus-entzunezkoak ere izango dira. UEMAren ibilbidea erakutsiko duen dokumental laburraz gain, erakundearen lanaz eta udalerri euskaldunen garrantziaz hitz egingo dute hainbat lagunek. Ekitaldia Iraitz Lazkano lehendakariaren hitzekin amaituko da.