argia.eus
INPRIMATU
100 jardueratik gora aurtengo Zaharraz Harro jaietan
  • Gasteizko Alde Zaharreko jai herrikoiak ekainaren 27an hasi eta uztailaren 3ra arte luzatuko dira. Pandemia testuinguruko azken bi urteetan jaiak mantendu zituzten auzotarrek debekuen gainetik, formatu txikiago eta seguruan, baina aurten indarberritutako egitaraua osatu dute.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 23a
Aurreko edizio bateko herri bazkaria. Argazkia: Zaharraz Harro

Dazaharrazharrogun, enkaskotate da Zaharraz Harro! jaien aurtengo leloa. Hasiera ofiziala Bollerias plazako txupinak emango dio Zaharraz Harrori, ekainak 27ko 18:00etan, eta amaiera destxupinak, uztailaren 3ko igandeko 19:00etan. Bitarte horretan gozatu ahal izango dituzte auzotarrek eta Alde Zaharrera hurbiltzen direnek antzerkiak, hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak, film labur lehiaketa, liburu aurkezpenak, kirol jarduerak, haurrentzako zein helduentzako ginkanak, erakusketak, mobilizazioak...

Egun guztietan daude hamaika jarduera, baina ohi bezala larunbata dute azpimarratuta antolatzaile eta parte-hartzaileek: aldarrikapen jolasa, ginkana erraldoia, herri bazkaria eta Gaztetxeko goatekea ospatuko dituzte uztailaren 2an, besteak beste.

Auzotik auzoarentzat

Auzo harrotasuna, autogestioa eta parte hartzea ditu ardatz Zaharraz Harrok. Auzokideen asanblada ireki batek sustatzen ditu baina, autoantolakuntza aldarri, programa guztitik jarduera gutxi batzuk soilik antolatzen ditu asanbladak –txupinazoa, umeen eta helduen ginkanak, herri bazkaria (jatekoaz norbera arduratu behar da), Gaztetxeko goatekea, film laburren lehiaketa eta destxupina–.

Beste dozenaka jarduerak auzoko kolektibo, auzokide, taberna eta komertzioak antolatzen dituzte beren kabuz, eta asanblada beharrezko baimenak kudeatzeaz eta propaganda eta dekorazio lanez arduratzen da. Zaharraz Harrok ez du diru laguntzarik jasotzen erakundeetatik. Diru iturri bakarra auzoko taberna eta komertzioen ekarpenak eta komertzioek emandako produktuekin osatutako saskiekin saltzen diren txartelak dira.

Hemen programazioa osorik: