argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak 100 euroko laguntza emango die familiei 3 urtetik beherako seme-alaba bakoitzeko
  • Laguntza eskatzen duten familiei 1.200 euroko ordainketa bakarra egingo zaie. Nafarroako Gobernuko Carmen Maeztu aholkulariak adierazi du familien %65ari egingo diola mesede. Laguntza eskatzeko muga 45.000 eurokoa izango da diru-sarrera bakarra izanez gero, eta 70.000 eurokoa diru sarrera bat baino gehiago izanez gero.

     

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 16a
Hilean 100 euroko laguntza emango diela bere ardurapean 3 urtetik beheitikoak dituzten Nafarroako familiei. Argazkia: Dani Blanco /ARGIA.

3 urtetik beherako haurrak dituzten familientzako hilean 100 euroko laguntza onartu du asteazkenean Nafarroako Gobernuak. 1.200 euroko ordainketa bakarra egingo zaie familiei, eta Foru Gobernuak hamar milioi euro inguru inbertituko ditu.

Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen Departamentuko Carmen Maeztu aholkulariak jakitera eman duenez, laguntzak 3 urtetik beherako haurrak dituzten familien %65ari egiten dio mesede, gutxi gorabehera. Alde batera uzten dira seme-alabengatik antzeko laguntzak jasotzen dituzten familiak, Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera edo Errenta Bermatua kasu.

Familiek laguntza ekonomikoa jaso ahal izateko, 45.000 erotik beherako diru sarrerak izan behar ditu, pertsona baten so

Laguntza ekonomikoa familia unitateek jasoko dute eta errenta bidez mugatuta egongo da. Urteko 70.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familiek bakarrik eskuratu ahal izango dute, diru-sarrera bat baino gehiago duten familien kasuan. Diru-sarrera bakarra izanez gero, gehienezko kopuru hori 45.000 eurokoa izango da.

Laguntza Gizarte Eskubideen Departamentuko erregistroan, oinarrizko gizarte zerbitzuetan edo telematikoki Gizarte Eskubideen webgunean tramitatu daiteke.

Laguntza berriaren xehetasun gehiago

Era berean, hiru urtetik beheitikoak karguan dituen familia unitatearen ordezkari gisa laguntza eskatzen duen pertsonari  ere onura ekarriko dio, baita haurrak adopzioan badaude ere. Horretarako, semaren edo alabaren zaintza esklusiboa duenari emango zaio laguntza. Zaintza partekatua bada ebazpen judizialaren bidez, bi gurasoek berariaz erabaki beharko dute nor izanen den eskatzailea eta nork jasoko duen laguntza.

Onuradunak Nafarroan bizi eta edozein udalerritako erroldan agertu beharko du, eskaera aurkeztu den egunetik gutxienez sei hilabeteko antzinatasunarekin, seme edo alabarekin batera.

Laguntza publikoetan nahitaezkoa denez, onuradunek Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte, eta ezingo dute diru laguntzen onuradun izateko debeku egoeran egon.