10 saltokitik 9k euskaraz eman lezakete zerbitzua Tolosan, paisaia linguistikoan islatzen ez den arren

  • Galtzaundi euskara taldeak eta Tolosa&Co elkarteak estreinakoz elkarlanean osatu dute, herriko establezimenduen euskararen diagnosia; ezagutza bistaratu beharraz ohartarazi dute.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko urtarrilaren 25an - 09:37

Tolosa&Co elkarteko 200 komertzio baino gehiagotan euskararen egoeraren diagnosia osatu du, Galtzaundi euskara taldeak, 2017ko udazkenean. Lehen aldiz elkarlanean aritu dira bi elkarteak, eta Tolosako Udalaren babesa izan dute. Horrela, ondorioztatu dute, Tolosa&Coko komertzio eta tabernetako langileen %93k zerbitzua euskaraz eman dezaketela, baina hori ez dela bistaratzen establezimenduen errotulazioan.

Jaione Ormazabal Tolosa&Co elkarteko zuzendaritzako kideak azaldu du, Galtzaundik ateratako ondorioak "oso baikorrak" iruditu zaizkiela, eta Tolosako saltokietan euskararen erabilera indartzearen aldeko konpromisoa hartuko dutela.

Horrela, Galtzaundik bi lan-ildo nagusitan garatu du Tolosako komertzioetako euskararen diagnosia: behaketa bat eginez eta heziketa landuz, jarreretan eragiteko helburuz. Heziketaren atalean lau lan saio antolatu dituzte, EMUNeko Ainhoa Lasaren eta Kike Amonarrizen eskutik, eta Tolosaldeko euskararen egoera soziolinguistikoa nahiz zerbitzuen sektorerako gomendioak izan dituzte hizpide.

Bide beretik, Galtzaundi euskara taldeko Amaia Doyaguek iragarri dute, otsailetik aurrera gida bat ere banatuko dutela Tolosako establezimenduetan: "Uemarekin eta Tolosako euskara zerbitzuarekin elkarlanean osatu dugu eta, bertan, itzulpenak egiteko zerbitzuak, euskarazko karteldegia lortzeko aukerak eta, oro har, saltokietan euskararen presentzia areagotzeko aukerak bildu ditugu".

Ezagutza handiagoa, presentzia baino

Datuak argi erakusten du, euskararen ezagutza altua dela Tolosa&Coko komertzio eta tabernetan: langileen %80k dakite euskaraz, eta %93k ulertzen dute. Alegia, 10 saltokitik 9tan eskain lezakete zerbitzua, euskaraz.

Ondorio baikor hori ez da, ordea, egunerokoan gertatzen. Izan ere, saltokien %82tan lehen hitza euskaraz izan den arren, establezimenduen %54k baino ez dute funtzionatzen, nagusiki euskaraz; saltoki eta tabernen %6tan elebitan aritzen direla berretsi du Galtzaundik.

Ezagutzaren eta erabileraren arteko koska areagotu egiten da, fokua paisaia linguistikoan jarriz gero: "Izaera euskaldun hori ez da islatzen, eta establezimenduen %35etan gazteleraz dituzte kanpoko errotulu nagusiak". Areago, negozio barruko idatzi eta errotuluei dagokienez, askoz ere baxuagoa da euskararen presentzia: establezimenduen %61etan euskararen presentzia murritza edo hutsala da.

Diagnosiaren ondorio makurrenak azken horiek badira ere, Galtzaundi euskara taldeak zerbitzuen sektoreko langileen jarrera baikorra nabarmendu nahi izan du: "Prestutasun handia azaldu dute euskararen erabilera areagotzeko, eta establezimenduen %78 prest daude proposatutako neurriak abian jartzeko, paisaia linguistikoa aldatzeari begira", dio Doyaguek.

Bide beretik, joan den udazkeneko azterketak dio, oro har, Tolosako merkatari eta ostalarien jarrera euskararen aldekoa dela: "Elkarrizketatuen %87k uste dute Tolosako Udalak euskararen aldeko neurriak hartu behar dituela eta, halaber, %81ak uste dute, Tolosa&Cok euskararen aldeko jarrera izan behar duela".

Horrenbestez, Galtzaundi euskara taldea etorkizuneko erronkei begira jarri da, "lanerako aukera oso ona" dela erdietsiz. Horretarako hainbat erronka ezarri dituzte etorkizunera begira eta, horietako bat, bezeroei begirakoa izango da: ezinbestekotzat jo dute, Tolosako komertzioetako bezeroek kontzientzia izatea, eta herriko denda eta tabernetan euskaraz komunikatzeko aukera dutela konturatzea.

Olatz Peon Tolosako alkateak ere Galtzaundiren erronka berberei heldu nahi izan die, azpimarratuz, "saltokiak euskara sustatzeko erakusleiho" ere badirela, eta "euskararekiko potentzialtasuna berreskuratu" egin behar dela: "Udalak lanean jarraituko du sektorea euskalduntzeko konpromisoan, eta egitasmo berriei eskua luzatuko diegu, noski".

 

Artikulu hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen erabilera
Jaime Altuna. EHU-ko irakaslea eta ikerlaria
"Euskararen auzia nerabeena baino gehiago da helduena"

Jaime Altunak Hizkuntzaren funanbulistak. Hizkuntza-sozializazioa kirol eremuan adin eta generoan ardaztuta doktoretza tesia uztailean bukatu du. Gaiaren ezagutza sakonetik eta aurrez beste ikerlariek idatzitakotik hurbildu da begirada berezi bezain zorrotzaz Gipuzkoako zenbait... [+]


Biarritzeko turismo-audiogidetan euskararen arrastorik ez

Audiogidak frantsezez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude. Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du euskara ez dela “berehalako eskarietako bat”.


Jon Zapata, 'Haurren aurrean helduok heldu' ekimenaren koordinatzailea
“Haurrek ulertzen dute euskara haurren hizkuntza izanen dela”

Haurren aurrean helduok heldu ekimena urriaren 19tik 29ra egingo da Hego Euskal Herriko 80 herritan. Protagonistak, batez ere, gurasoak izango dira eta bi helburu azpimarratu ditu Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak: batetik, gurasoek hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak... [+]


Iñigo Urrutia
"Gaztelania eta frantsesa armen bidez inposatu zituzten Euskal Herrian"

Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]


Eguneraketa berriak daude