argia.eus
INPRIMATU
Hamar palestinar hil ditu Israelgo armadak Nablusen
  • Israelgo armadak beste erasoaldi bat egin du Zisjordanian, Nablus hiri okupatuan. Gutxienez hamar palestinar hil dituzte tiroz eta dozenaka zauritu.

Axier Lopez @axierL 2023ko otsailaren 22a
Argazkia: Raneen Sawafta / Reuters

Asteazken honetan Israelgo armada Zisjordania iparraldeko Nablus hirira sartu da, eta gutxienez hamar palestinar hil ditu. Beste 100 lagun baino gehiago zauritu dituzte, horietatik 82 balaz, Palestinako Osasun Ministerioaren arabera. Azken horietako batzuk egoera kritikoan daude, All Jazeera hedabideak zabaldu duenez.

Israelgo armadak baieztatu du bere soldaduak Nablusera sartu direla. Areen Al-Aswad (Lehoien Gordelekua) talde armatu berriak komunikatu batean adierazi duenez, erasoaldiari aurre egiteko Israelgo indar okupatzaileen aurkako borroketan hartu dute parte. Nabluseko ehunka gazte kalera atera dira eta harriak jaurti dituzte Israelgo armadaren blindatuen aurka.

Ro’a Qusinik zabaldutako bideoa:

Al Jazeerako kazetari Nida Ibrahimek Nablusetik jakinarazi duenez, zenbait lekukok salatu du soldadu israeldarrek inor bereizi gabe egin dutela tiro. Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, ondokoak dira israeldarrek tiroz hil dituzten hamar palestinarrak: Adnan Sabe 'Baara, 72 urtekoa; Mohammad Khaled Anbousi, 25 urtekoa; Tamer Minawi, 33 urtekoa; Musab Owais, 26 urtekoa; Hossam Isleem, 24 urtekoa; Mohammad Abdulghani, 23 urtekoa; Waleed Dakheel, 23 urtekoa; Abdulhadi Ashqar, 61 urtekoa; Jasser Abdelwahab Qan' eer, 23 urtekoa, eta Mohammad Farid Shaaban, 16 urtekoa.

Egoerari erantzunez, alderdi politiko palestinarrek greba orokorra iragarri dute Ramalan eta Nablusen, eta palestinarrei eskatu diete Israelgo armadaren kontrol postuetatik gertu protesta egitera ateratzeko.

Dagoeneko 61 palestinar hil dituzte Israelgo indarrek lurralde okupatuetan 2023ko hasieratik, tartean hamahiru adingabe. 2022an, mende honetako urte odoltsuenetakoa izan dena Palestinan, 171 palestinar, horietatik 30 adingabe baino gehiago, hil zituzten Zisjordanian.