argia.eus
INPRIMATU
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan
  • Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean aurkezteko aginduarekin.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko otsailaren 22a
Abalos ministro ohia lehen planoan eta García bigarrenean.

Koldo García Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministro ohi José Luis Abalosen aholkularia izan zen haren ministro garaian. Albistea argitaratu duen El Confidencial hedabidearen arabera, haren bigarrena, Abalosen esanetan langile bat gehiago. 2019an Abalosek Renfe Mercancías SAko administrazio kontseiluko kide izendatu zuen.

Garcíaren emazte Patricia Uriz ere atxilotu zuten lehen unean, baina gero aske utzi zuten. Abalosen ministro garaian, Uriz idazkari laguntzaile moduan aritu zen lanean haren ministerioan.

Lehen zantzuen arabera, pandemia garaian Garraio eta Barne ministerioetarako, eta Balear Uharteak eta Kanarietako erkidego autonomoetarako egindako maskara erosketekin izango luke zerikusirik operazioak. Espainiako Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzaren aginduz ari da bideratzen ikerketa Guardia Zibila.

50 milioi euroko kontratuak egin ei ziren COVID-19ari aurre egiteko osasun materialen erosketetan eta hortik 10 milioi euroko komisioak sortu zituzten. Espainiako Auzitegi Nazionalak bideratzen duen operazioan hogei lagun atxilotu zituzten asteazken honetan eta 26 bat miaketa eskaera bideratu ziren.

García eta Uriz bikotearen ondasunak ikertzeko agindua eman du Auzitegi Nazionalak, ikusteko ea izan dezaketen zerikusirik balizko ustelkeriagatik jasotako diruarekin. 2020 eta 2023 artean bikoteak bi etxebizitza erosi zituen Benidormen, biak hondartzako lehen lerroan, eta hiru landa-lur udalerri berean.

Garcíaren aurrekariak Nafarroan

Koldo García PSOEko afiliatua da eta UGTko kidea. Stop Etxegabetxeak plataformako kide ere izan zen. Hedabidetan ugaritan argitaratu den gisan, Pedro Sánchez Espainiako Gobernu buruak 2014an laudorioak luzatu zizkion sare sozialetan esparru horretan egindako lanengatik: “Azken aizkolari sozialista, etxegabetzeen aurkako titan bat”.

PSNko zinegotzia izan zen Uharten (Nafarroa) 2011 eta 2015 artean eta ibilbide katramilatsua du, batez ere zinpeko gisa eta bizkartzain lanetan aritutako garaietan egindako erasoengatik. Nicolas Redondo UGTko buruzagi historikoaren bizkartzain lanak ere egin zituen hainbatetan.

1995ean bi urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra jaso zuen, 1991n Aranguren bailaran (Nafarroa) lau zinpekoren artean herritar bati emandako jipoiagatik; bailara horretan garai hartan tentsio handia eta istiluak izan ziren eraiki zuten zabortegiagatik. José Mari Aznarren gobernuak indultua eman zion Garcíari eta zen zen espetxera joan.

2011n ere zigortu zuten 2010eko sanferminetan Iruñean gazte adingabe bati emandako jipoiagatik. Gaztea taberna batera sartu zen eta han zegoen kalez jantzitako polizia batek kanporatu egin zuen Independentzia zioen kamiseta bat eramaten zuelako. Jadanik kanpoan zela Garcíak heldu, lurrera bota eta jipoitu egin zuen. Naiz-en eman zuen gertaera horien berri.