argia.eus
INPRIMATU
%10 gutxiago irabazten dute Amazonen filial bat inguruan duten langileek Amazonik gabekoekin alderatuta
  • Amazonen lantoki batek ateak irekitzen dituenean, nabarmen jaisten da leku jakin horretako langabezia tasa. AEBetako Hego Carolina, Palmetto estatutan, Amazon dagoenetik langabezia tasa %3,5ekoa da. Baina zeintzuk dira langileen lan baldintzak, eta aldi berean, nola eragiten du interneteko salmentetan lehen postuan dagoen enpresak inguruko ekonomian? Lotura uste baino estuagoa da eta langileen soldatei begiratuz gero, eragina negatiboa dela esan daiteke.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko urtarrilaren 31

The Economistek jaso duenez, Amazonek filial bat zabaltzen duenean, tokiko industriako soldatek, batez beste, % 3 egiten dute behera. Irekiera aurreko hilabetetan, aldiz, soldatek %8 egin ohi dute gorantz. Chesterfielden (Virginia, AEB), esaterako, soldatek %17 egin dute behera aipatutako enpresa martxan dagoenetik.

Beste datu bat: Amazonek filial bat duen eskualde bat Amazonik gabeko beste batekin alderatuz gero, multinazionalaren eragina nabarmenagoa da: antzeko lana duten langileen soldaten arteko diferentzia %10 da. 45.000 dolar jasotzen dituzte urtean Amazonetik salbu dauden langileek; 41.000 dolar multinazional erraldoia ondoan dutenek.

Lan baldintza kaskarrak

Amazonek sareko marka guztiak hautsi ditu azken urteetan.  Jeff Bezos, enpresako akziodun nagusia, munduko gizonik aberatsetarikoa egin da internet bidezko salmentei esker. Baina zer dago lantoki bakoitzaren atzean? Nola iritsi da Amazon honaino? The Economistek hainbat adituren hitzak bildu ditu eta bakoitzak bere hausnarketa badu ere,  guztiak bat datoz “eraginkortasunaren” faktorea aipatzerako orduan.

Lehiakortasun helburuak bete daitezen, langile bakoitzak behar bezala zehaztuta dauka bere egitekoa. Esaterako, ondasunen bilketaz arduratzen dienek, lanaldi osoko epean 1.000 artikulu baino gehiago jaso behar dituzte eta, batez beste, 24 kilometroko ibilbidea egiten dutela kalkulatzen da. Hau da, langile bakoitzak ahalik eta etekin handiena atera behar du lanegun bakoitzean.

Hala ere, Amazonek soldata baxuagoak ordaintzen dizkie langileei. Adituen arabera, pertsonalaren profil estandarrak badu zerikusia. Lan esperientzia gutxiko gazteak dira Amazoneko langileak eta lan kontratuak urtebeteko iraupenekoak izaten dira, gutxi gorabehera.

Mota horretako lantegian barne-bizimoduaz artikulu mamitsua argitaratu zuen Pello Zubiriak ARGIAren 2.382. zenbakian. “Amazonen kazetari gazteak aurkitu zuen usaina orwelldarra” artikulua